Bourgeois L  Mamá Maman 1999 scaled

Eurak bidean

Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!

Ibilbide honetan, zure erritmoan ezagutu ahal izango dituzu Bildumako zenbait lan eta maileguan utziak izan diren beste batzuk. Denak ere emakume artistek sortutako edo emakumeak irudikatzen dituzten artelanak dira. Euren ekarpenak zurekin partekatu nahi ditugu eta Artearen eta Kulturaren Historian dagokien lekuan kokatu.

MAPA

Jenny Holzer
Holzer J Instalación para Bilbao Installation for Bilbao 1997 scaled

Jenny Holzer

Atrioa

1977az geroztik, Jenny Holzerrek hizkuntza adierazpen artistiko nagusi moduan erabili du. Testu ezagunenen artean, haren Truismoak daude, begi-bistako egiak, kaletik hartutako esaldiak, gerrarekin, politikarekin, heriotzarekin edo indarkeriarekin lotutako gaien inguruan.

Mezuak komunikatzeko, baliabide ugari erabiltzen ditu Holzerrek; hala nola, publizitate-kartelak, argidunak, seinaleztatzeko gailu elektronikoak, etab., eta artistak espazio publikoetan kokatzen ditu.

Bilborako instalazioa 1997an sortu zuen Jenny Holzerrek zehazki Museoan kokatuta dagoen aretorako, eta diodo argitsuak edo led-ak erabili ditu materialen artean, kostu energetiko baxuko argia egiten dutenak.

Obraren beste aldera igarotzera gonbidatzen zaitugu!

Jenny Holzer, Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao), 1997/2017
Argizko diodoak
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Louise Bourgeois
Bourgeois L  Mamá Maman 1999 scaled

Louise Bourgeois

Terraza itsasadarraren ondoan.

Jarrain, irten terrazara. Hemendik ere obra hau ikus ahal izango duzu!

Louise Bourgeoisek ibilbide luze eta oparoa izan zuen…ia zazpi hamarkadakoa! XX. mendeko mugimendu abangoardista nagusietako batzuekin harremanak izan zituen, betiere bere independentzia eta nortasun sortzaile propioa eta berritzailea mantenduz. Haren ibilbidean diziplina anitzak erabili zituen, baina eskultura izan zen bere adierazpide nagusia, artea espazioarekin lotzeko aukera ematen baitzion.

Ia 9 metroko altuera duen Ama (Maman) bere eskulturarik handinahietako bat da. Ba al zenekien Louise Bourgeoisek behin eta berriz erabili zituela armiarmak bere ibilbidean eta ehulea zen bere amari egindako omenaldia direla?

Armiarma, kezkagarria izateaz gain, sublimea eta babeslea ere izan daiteke. Zergatik?

Louise Bourgeois, Mamá (Maman), 1999
Brontzea, marmola eta altzairu herdoilgaitza
927 x 891 x 1023 zm
Guggenheim Bilbao Museoa

Yoko Ono
Yoko Ono | Artistas | Guggenheim Bilbao Museoa

Yoko Ono

Terraza, bigarren solairua.

Yoko Ono funtsezko figura da arte garaikide kontzeptualean, performancean eta parte hartze artean. Japoniako abangoardiaren garapenean izan zuen paperaz gain, Fluxus diziplina anitzeko mugimendu artistiko eta esperimentaleko kide izan zen Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan.

Bere bizitzan zehar bakearen, giza eskubideen eta feminismoaren aldeko aktibista nabarmena ere izan da.

Bilborako nahien zuhaitza lanak ikuslearen parte-hartzea eskatzen du. Artistarentzat garrantzia duten egunetan, zuen “bake nahiak” idazteko eta zuhaitzean zintzilikatzeko aukera izango duzue. Ondoren, mezu horiek artistari bidaltzen zaizkio munduko bakearen aldeko nazioarteko proiektu batean integratzeko. Beste batzuetan, zuen nahiak xaloki zuhaitzari xuxurlatu ahal dizkiozue.

Animatu eta parte hartu!

Yoko Ono, Bilborako nahien zuhaitza (Wish Tree for Bilbao), 1996/2014
Eskuz idatzitako eta markoztatutako testua, olibondoa, lurra, zurezko loreontzia, atrila, etiketak eta boligrafoak
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Cristina Iglesias
Iglesias Habitacion de alabastro 1024x811 1

Cristina Iglesias

307 egongela, hirugarren solairua.

Cristina Iglesiasek eskulturaren ikuspegi berritu bat garatu du. Espazioarekin esperimentatzea du ardatz, karga poetiko eta sinboliko handia duten instalazio eta obren bidez.

Artistak eskulturak sortzen ditu ikusleak espazio horiek “bizi” ditzan eta, espazio zehatzen bidez, guregan sentsazioak sorrarazteko helburua du.

Titulurik gabea (Alabastrozko gela) piezan, alabastro-xafletan barrena igarotzen den argitasunak eraldatu egiten du nolabait haien azpiko eremuaren pertzepzioa.

Cristina Iglesiasen beste lan askoren aurrean gertatzen den moduan, giro-argia eta espazioa bera funtsezko elementuak dira, ia immaterialak.

Cristina Iglesias
Titulurik gabea (Alabastrozko gela) [Sin título (Habitación de alabastro)], 1993
Burdina eta alabastroa
313 X 560 X 218,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Yayoi Kusama
Yayoi Kusama

Yayoi Kusama

301. aretoa

Yayoi Kusama artista eta idazlea ahots berezia da, eta artearen historiak berreskuratu eta dagokion lekua eman dio. Gizartea eraldatzeko bitarteko moduan ulertzen du artea, eta hainbat diziplina lantzen ditu horretarako; hala nola, performancea, pintura, marrazkia, eskultura, literatura eta haren murgiltze-instalazio ezagunak: Infinituaren isla-gelak.

Espazio hori murgiltze-esperientzia bat da, eta Kusamak gaztea zela izaten zituen haluzinazioak proiektatzen ditu. Modu horretan, artistak bere sormen-unibertsoaren partaide egiteaz gain, “auto-liberazioaren” beharra transmititzen digu.

Zer ikusten duzu eta nola sentitzen zara espazio “infinitu” horren barruan egonaz?

Yayoi Kusama
Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria unibertsoaz harainditik igorria, 2020
Ispilu-beira, zura, led argiztatze-sistema, metala eta taula akrilikoa
293,7 x 417 x 417 cm

XX. eta XXI. mendeetako emakume artista garrantzitsu batzuen (ez denak) obrak ikusi berri dituzue. Ziur gehiago ezagutzen dituzula! Ondoren, zure lagun eta inguru hurbilenarekin zure hausnarketak partekatzera animatzen zaitugu.

Esperientzia atsegina izan eta bertan ikasiko zenuelakoan, laster arte!