
2030ean NEUTRALTASUN KLIMATIKOA
Guggenheim Bilbao Museoak hogei urte baino gehiago daramatza ingurumen-arloko erantzukizunaren abangoardian: 2004an, ingurumen-kudeaketaren ISO 14001 ziurtagiria eskuratu zuen, eta, geroztik, iraunkortasunak leku garrantzitsua betetzen du erakundearen Plan Estrategikoan; 2021ean, berriz, Ingurumen Iraunkortasunerako Esparru Estrategikoa definitu zuen, Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat eginik, eta, horri esker, 2022an, Iraunkortasun Ekintzen Lehen Plana garatu ahal izan zuen.

Iraunkortasuna Museoaren jardueraren zeharkako ardatza da; hori dela-eta, erakundeak urtero asmo handiko Iraunkortasun Ekintzen Plan bat aurkezten du, sail guztiei eragiten diena: energia-eraginkortasunarekin, erakusketen kudeaketarekin eta programa publikoen zein hezkuntza-jardueren antolakuntzarekin lotura zuzena dutenetatik hasita, bisitariekin, Dendarekin edo Jatetxearekin lotura dutenetaraino. Planak, energia-eraginkortasuna hobetzeko ekintzak sustatzeaz gain, ingurumen-inpaktua minimizatzeko ekimenak proposatzen ditu, eta 2030erako neutraltasun klimatikoa lortzea du azken helburu.
Aldaketa horien guztien motorra Gu-Zero taldea da. Taldea 2021ean sortu zen, erakundeko arlo ezberdinetako kideek osatzen dute, eta bere xedea langileak, hornitzaileak eta eragile sozialak informatzea, sentsibilizatzea eta inplikaraztea da, baita Iraunkortasun Ekintzen Planean jasotako ekimenak bultzatzea ere.
Azken albisteak
- Guggenheim Bilbao Museoak Getty erakundearen Arte eta Jasangarritasun beka lortu du
The Getty Global Art and Sustainability Fellows bekaren bidez, datozen sei urteetan Museoak hiru profesional kualifikatu izango ditu erakundeak ingurumen-jasangarritasunaren arloan dituen ekimenetan laguntzeko eta haiek dinamizatzeko
Esteka honen bidez eskuratu Gettyri buruzko informazioa
Proiektu hau Getty erakundearen babesari esker gauzatu ahal izan da The Getty Global Art and Sustainability Fellows program ekimenaren baitan
- Guggenheim Bilbao Museoa Culture for the Planet plataformako Kide Fundatzaile bihurtu da
Artearen eta kulturaren sektorean jasangarritasunerako trantsizioa bizkortzea du helburu nazioarteko komunitate berriak - Adimen artifiziala baliatuta hondakin digitalak ezabatzen dituen plataforma da ideia irabazlea klima-aldaketari aurre egiteko irtenbideen artean
HomeForOurPlanet IKEAk eta Guggenheim Bilbao Museoak sustatutako ekimena da, Estatu osoko gazteak mobilizatzeko asmoz eta, etxetik, klima-aldaketa geldiarazi edo haren ondorioetara egokitzeko ideia berritzaileak aurkitzeko. - Guggenheim Bilbao Museoak, eraikineko teilatu lauetan, arkitekturan ezin hobeto integratuta, 300 eguzki panelak instalatu ditu. Europako nextgenerationEU funtsek finantzatutako proiektua. Horretaz gain, Museoak 2024-2025 aldirako ingurumen-jasangarritasuneko plana aurkeztu du, zeinak 2030ean karbono-neutraltasuna lortzeko bidean aurrera egiteko konpromisoa jasotzen baitu.
- Gallery Climate Coalition-en (GCC) Active Membership bezala berritzea. Guggenheim Bilbao Museoak Gallery Climate Coalition-GCCko Kide Aktibo izaten jarraituko du. Komunitateak, gainera, azken urtean Museoak bere ingurumen-inpaktua murrizteko egin duen lana aitortu du. 2023an, MOMA eta TATE bezalako nazioarteko museoek parte hartzen duten komunitate bateko kide den Espainiako lehen museoa izan zen.

KARBONO-AZTARNAREN NEURKETA
Guggenheim Bilbao Museoa nazioartean lehen museoa da bere karbono-aztarna neurtzen, zeharkako emisioak barne. 2019az geroztik, artelanen garraiotik eta langileen joan-etorrietatik eratorritako CO2 isuriak kalkulatu ditu, eta, 2021etik hona, gainera, funts artistikoentzako bilgarrien fabrikazioak eta erakusketen ekoizpenak sortzen dituenak ere neurtzen ditu. Zenbaketa horri esker, ingurumenean zer-nolako inpaktua duen jakin ahal izan du, Iraunkortasun Ekintzen Planeko helburuak ezarri ahal izatearekin batera.
Guggenheim Bilbao Museoko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) 2024ko Inbentarioaren Txostena
Guggenheim Bilbao Museoko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) 2023ko Inbentarioaren Txostena
Guggenheim Bilbao Museoko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) 2022ko Inbentarioaren Txostena
Guggenheim Bilbao Museoko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) 2021ko Inbentarioaren Txostena
ENERGIA-ERAGINKORTASUNA ETA INGURUMEN-ARLOKO POLITIKAK

Urteko Iraunkortasunaren Ekintza Planean, energia-eraginkortasuneko hainbat neurri biltzen dira, instalazioak optimizatuz eta teknologia eguneratuz. Era berean, erakundeak modu aktiboan egiten du lan kontsumoak murrizteko, materialak birziklatzeko eta ekonomia zirkularreko proiektuak jorratzeko.
- Tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko parametroak malgutzea. Museoa nazioartean buru da artelanen kontserbazioari dagokion funtsezko aldaketa horretan. Hala, 2022ko urriaz geroztik eta ICOM, IIC eta Bizot Group-en gomendioak jarraituz, kanpoko baldintzetara hobeto egokitzen diren kontrol-parametroak aplikatzen dira, eta, horri esker, eraikina klimatizatzeko behar den energiaren kontsumoa murriztu ahal izan da.

- Panel fotovoltaikoak instalatzea Museoko teilatuetan 300 eguzki-panel jarri dira, eta, era horretan, Museoaren kontsumo elektrikoan %5 aurreztea lortu da. Gainera, erakusketa-areto guztietako argiztapen-beharrak asetzen dira.
- Energia elektriko berriztagarria 2024ko ekainaz geroztik, Museora datorren energia elektrikoaren %100ak jatorri jasangarria du, eta, horrela, karbono-aztarna heren bat baino gehiago murriztu ahal izan da.
- Argiztapen dinamikoa. Proiektua 2022an jarri zen abian; eraikinaren sabai-leihoak berriro irekitzea eta erakusketa-aretoen jatorrizko konfigurazioa berreskuratzea ekarriko du, eguzki-argia eta LED argi berriak modu automatizatuan konbinatuz.
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak instalatzea Museoaren inguruan
- Artelanak garraiatzeko fabrikatutako bilgarri berrien bolumena murriztea, alokairu-formulak aplikatuta. .
- Erakunde batetik bestera doazen obrak birtualki kontrolatzea. Zeregin horietan teknologia aplikatuz gero, langileen joan-etorriak murriztu daitezke.
- Aldi baterako hormak berrerabiltzea areto berean egiten diren erakusketen artean.
- Elementu museografikoak partekatzea bertoko beste museo eta erakunde batzuekin.
- Museoko Dendan salgai dauden artikulu jasangarrien kopurua areagotzea.
- Hurbileko eta sasoiko produktuak erabiltzea gune gastronomikoetan.
ERAKUSKETAK ETA HEZKUNTZA
Programazio artistikoak, hezkuntza-jarduerek eta programa publikoek espazio ugari eskaintzen dituzte ingurumenaren eta sentsibilizazio ekologikoaren inguruan hausnartzeko: tailerrak, hitzaldiak, sormen-saioak, adituekin hitzaldiak eta ikastaro espezifikoak. Horiek guztiek klimari buruzko hainbat alderdi jorratzen dituzte.
Guggenheim Bilbao Museoa ireki zenetik, ingurumen-iraunkortasuna kontuan hartzen duten erakusketa mordoa egin dira bertan; hala nola, Allora & Calzadilla, Bill Viola, Diana Thater, Fiona Tan, Olafur Eliasson, Pierre Huygue, Monira Al Qadiri, The Otolith Group edo Marine Hugonnier.
Lurraren arteak erakusketa 2025eko abenduan inauguratuko da Iberdrolaren babesarekin, eta gure planetaren osasunari buruz eta, bereziki, lurraren biziraupenari buruz hausnartzen duten belaunaldi eta kultura askotako artisten lanak aurkeztuko dira.
FOROAK

2023ko urrian egin zen World Art Foundations-ek (WAF) Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan antolatutako sinposioa, eta museoetako eta arte-fundazioetako liderrak bildu zituen, ingurumen-iraunkortasunari buruzko estrategiak aurkezteko, jardunbide egokiak partekatzeko eta parte-hartzaileei iraunkortasunerako beren bidea egiten hasteko erantzunak eta irtenbideak emateko helburuarekin.

Ekitaldi honetan, klima-aldaketaren eta horrekin loturiko erronken testuinguru globaleko zenbait artista, zientifiko eta teknologo bildu ziren 2022ko urrian.