
Egun bat museoan
Bizi esperientzia ahaztezina Guggenheim Bilbao Museoko erakusketak eta arkitektura paregabea ezagutuz.
Bisita itzazu erakusketetako gune didaktikoak, hezkuntza-tresna ezberdinak aurkituko baitituzu bertan: testuak, software interaktiboak, ikus-entzunezkoak, audio-artxiboak, laguntza-materialak, irudiak, irakurketa-eremuak eta abar, erakusketetan sakontzen laguntzeko.
* Eskaneatu QR kodea aretoetan, eskuratu entzuteko gidak doan mugikorrean eta gozatu bisitaldiaz.

Zero
Atondoa
Bisitaldia ZERO aretoan hastea gomendatzen dizugu, lengoaia bisualaren eta eszenografia harrigarriaren bitartez murgiltze-esperientzia berezia eskaintzen baitu.
ZERO atondoan dago, eta publiko guztiei egiten die ongietorria Museoaren eta ingurumarien historia, Frank Gehryren eraikina bera eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma modu sentsorialean azalduz.

Atrioa
1. solairua, Atrioa
Atrioa eraikinaren bihotza da, eta kanpoaldea eta barrualdea bateratzen ditu. Haren inguruan antolatzen diren pasabideek aukera ematen dute artelanak ikuspegi berrietatik behatzeko.

Denboraren materia
1. solairua, 104. aretoa
Richard Serraren Denboraren materia, 1994–2005 instalazioa bere osotasunean igarotzean denbora eta espazioa esperimentatu daitezke, baita aktibatu ere.
Zortzi eskultura erraldoiz osatutako multzoa 104 aretorako berariaz sortua da. Piezak egitea erronka itzela izan zen —punta-puntako teknologiari esker lortu zen—, eta instalatzea ere oso konplexua izan zen, altzairuzko plantxak ikaragarri astunak baitira eta haien gainazala, berriz, oso hauskorra.
Aretoaren bukaeran hezkuntza-gune bat ikusiko duzu, eta, bertan, erakusgai dauden obren maketak ikusiko dituzu, baita artelanak nola instalatu zituzten erakusten duen ikus-entzunezko bat ere, besteak beste. Ez utzi ikusi gabe!
Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Kokapen zehatzeko obrak (Museoaren barrualdean)
1. solairua, Ataria
Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren barruko zein kanpoko espazioekin hartu-emanean ageri zaizkigun kokapen zehatzeko artelanak Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako parte garrantzitsua dira.
101 aretoan, Atrioaren ondoan, Jenny Holzerrek 1997an sortutako Bilborako instalazioa aurkituko duzu.
Jenny Holzer
Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao), 1997
Argizko diodoak
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Bar Guggenheim Bilbao
Plaza
Atseden hartu edo mokadu bat jan nahi baduzu, bisitatu Bar Guggenheim Bilbao taberna. Museoko plazan dago, Bistró ondoan.

Kanpoaldea
Kanpoaldea
Itsasadarrera ematen duen terrazatik begiratuz gero, ohartuko zara hiri-ingurunean ezin hobeto txertatzen dela Museoa, bai eraikuntzarako erabilitako materialei esker (titanioa, kristala eta kareharria), bai inguruko eraikin eta egiturekin duen harremanagatik ere.
Urmaelak, Bilboko itsasadarrak hiriarentzat duen garrantzia azpimarratzeaz gain, kokagune paregabea eskaintzen die Anish Kapoor eta Yves Klein artisten obrei.
Atriotik, Museoaren kanpoaldera terrazatik aterata, Eduardo Chillida eta Louise Bourgeoisen artelanak begietsi ahal izango dituzu. Eta eraikinaren kanpoaldean ikusgai daude, halaber, Fujiko Nakaya, Daniel Buren eta Yves Klein artisten piezak, aldizka abiarazteko programatuta.
Anish Kapoor
Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree & The Eye), 2009
Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua
1297 X 442 X 440 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak
3. solairua
Hirugarren solairuan, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakusketa dago ikusgai. Erakustaldiak XX. mendearen bigarren zatiko eta XXI. mendearen hasierako mugimendu nabarmenenetako batzuk ezagutzeko aukera ematen du Cristina Iglesias, Sol LeWitt edo Mark Rothko bezalako artista garrantzitsuek gure erakundearen funtsetan dauzkaten sorkuntzen bitartez.
Arkitekturaren ikuspegitik, hirugarren solairuko aretoetan berriro zabaldu dituzte sabaiko argi-zuloak, jatorrizko diseinuari keinu egiteko.

Jatetxeak
Jatetxeak
Museoan kalitate handiko sukaldaritza-esperientziak eskaintzen dituzten bi gune daude: Nerua Guggenheim Bilbao, goi-mailako sukaldaritzako jatetxea, eta Bistró Guggenheim Bilbao, proposamen informalagoa.

Denda-Liburudenda
1. solairua
Museoko Denda-Liburudendan diseinuzko objektu sorta zabala dago eskuragarri, eta baita katalogo, argitalpen eta opari desberdinak ere. Deskontuak daude Museoaren Lagunentzat. Erosoago aritzeko, bisitatu gure online denda.

Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen
Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen erakusketa 105. aretoan aurkitzen da, eta AEBetako XX. mendeko pintura abstraktuaren artista garrantzitsuenetako bati eskainita dago. Haren bizitza-ibilbidea eta ibilbide artistikoa jarraitzen duten etapetan zatituta dago, eta Frankenthalerren (1928-2011) sormen libre eta mugarik gabeak abstrakzio piktorikorako aukera berriak irekitzea lortu zuela islatzen du erakusketak.
Ibilbidea berrogeita hamarreko hamarkadan hasten da, Frankenthaler gazteak, Jackson Pollock inspirazio-iturri zuela, soak-stain izeneko teknika iraultzailea asmatzean (busti eta zikindu); hau da, pintura diluitua ehunaren gainera isurtzea, gainazal jariakor, zeharrargi eta inguratzaileak sortzeko prestatu gabe. Hirurogeiko hamarkadan, haren pinturak argitasuna eta egitura irabazi zituen, hamarkada horretako mihise handietan ikus dezakegun moduan, koloreak bere erritmoarekin flotatuz. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, argia, itsasoa eta paisaien baretasuna dira nagusi Ekialdeko argia (Eastern Light, 1982) bezalako piezetan, etapa lirikoagoa eta atmosferikoagoa markatuz.
Erakusketan, gainera, istorio paraleloa marrazten da, Mark Rothko, Robert Motherwell, David Smith edo Anthony Caro bezalako artistekin izan zituen lotura pertsonal eta sortzaileena; izan ere, haiekin adiskidetasuna, ideiak eta elkarrekiko miresmena partekatu zituen, eta horien lanak hemen ere ikus daitezke. Karreraren azken etapan, paper gaineko obrak intimoagoak eta funtsezkoagoak izan ziren, artistak era horretan bere sormen handienari erantzunez azkeneraino: araurik gabe margotzea.
Helen Frankenthaler
Izarrei begira (Star Gazing), 1989
Akrilikoa mihise gainean
181,6 x 365,8 cm
Helen Frankenthaler Foundation, New York
© 2025 Helen Frankenthaler Foundation, Inc./Artists Rights Society (ARS), New York / VEGAP
Argazkia: Tim Pyle, eskaintza: Helen Frankenthaler Foundation, New York

In situ ibilbidea: Refik Anadol
Living Architecture: Gehry
2025eko martxoak 7 – urriak 19
208. aretoan in situ zikloa inauguratzen da; hau da, zehazki espazio honetarako diseinatutako proposamen artistiko berritzaileen programa, Museoko arkitekturarekin elkarrizketan.
Oraingo honetan, datuen estetikan aitzindaria den Refik Anadol artistaren Arkitektura bizia: Gehry (Living Architecture: Gehry, 2025) obra Frank Gehryren lengoaia arkitektonikoan inspiratzen da, esperientzia murgiltzaile paregabe bati bizia emateko. Modu horretan, adimen artifizialak haren diseinuen formak interpretatu eta irudikatuko ditu.
Modu etikoan lortutako sarbide irekiko datuen eta bere estudioak sortutako AA eredu aurreratuen bidez, Anadolek makineriak “amets egiteko” duen gaitasuna aztertzen du, etengabe aldatzen ari diren irudiak sortuz eta informazioa konfigurazio abstraktu harrigarri bihurtuz. Obra gaikako sei ataletan zatituta dago, eta bisitaria 208. areto zabalean biltzeko diseinatu da. Horrela, gure pertzepzioa desafiatzeaz gain, hausnarketa bat eskaintzen du, adimen artifizialak sormenaren etorkizunean zer eragina izango duen eta mundua teknologiaren bidez nola aztertzen dugun ikusteko.
Erakusketa hau, gainera, 204. aretoko Didaktika hezkuntza-espazioarekin osatzen da; bertan, Refik Anadolek diziplina anitzeko bere taldearekin elkarlanean garatzen duen sormen-prozesua sakontzen duten ikus-entzunezko baliabideak aurkituko dituzu.
Guggenheim Bilbao Museoan dagoen erakusketarako infografia digitala, 2024
© Refik Anadol, Bilbo 2025

Budapesteko paper gaineko maisulanak
Otsailak 28 – ekainak 1
Budapesteko paper gaineko maisulanak erakusketak Europako artearen zazpi mende aztertzeko gonbita egiten du, Budapesteko Arte Ederren Museoko funtsen historia ezagutzearekin batera. Hauskorrak izateagatik oso gutxitan ikusgai jartzen diren pieza batzuek erakusten dute paper gaineko marrazketaren, grabatuaren, xilografiaren eta litografiaren teknikek nola bilakaera izan duten historian zehar.
205. aretoan, Rafael eta Rubens bezalako maisuen marrazkiak daude, perfekzio anatomikoa eta konposizio dramatismoa bilatzen zutenenak. Haien estudio eta zirriborroei esker, obra handiak sorrarazi zituen sormen-prozesua ezagutu dezakegu.
Ibilbideak 206. aretoan jarraitzen du, eta XVIII. mendera eramaten gaitu: papera esperimentazio-gune bihurtuko da natura eta eguneroko bizitza fintasun handiz harrapatzeko. Bidaiako paisaiek eta eszenek artisten inguruko munduari buruzko begirada sentibera eta bitxia erakusten dute.
207. aretoan, Van Gogh edo Schiele bezalako artistek trazu librea eta adierazkorra erabiltzen dute giza emozioak esploratzeko, eta, ordura arte inoiz gertatu ez bezala, giza psikearen ikuspegi sakona agertzen dute.
Erakusketa 209. aretoan amaitzen da, eta XX. mendeko tradizioaren haustura islatzen du. Vasarely eta Richter bezalako artistek abstrakzioa aztertzen dute, lerroa eta forma askatuz, gaur egungo artera bitarte iraun duten adierazpen-aukera berriak irekitzeko.
Ugo da Carpi (lanean ca. 1502–1532) (honen arabera Parmigianino) (1503–1540)
Diógenes, ca. 1526–27
Egurrezko lau blokeko argi-ilun bidezko xilografia, tinta arre ilun eta arre argiz egina, paper gainean, 481 × 350 mm
Inb. zki.: 6152
Erosketa: Esterházy Bilduma, 1871
© 2025 Museum of Fine Arts, Budapest

Tarsila Do Amaral. Brasil modernoa margotuz
2025eko otsailak 21 – ekainak 1
Bigarren solairuko 202. eta 203. aretoetan, Brasilgo mugimendu modernistaren aitzindarietako bati eskainitako atzera begirako erakusketa aurkituko duzu: Tarsila do Amaral (1886–1973).
Erakusketaren bitartez, Brasilgo artistaren ibilbide zabala ezagutu daiteke, ariketa akademikoetan eta Inpresionismoak eragindako paisaietan oinarritutako obra goiztiarretatik hasi eta Brasilgo landa-munduaren irudikapen zirraragarri eta herrialdeak 1920ko hamarkadatik aurrera izandako urbanizazio azkarra dokumentatzen duten eszenetaraino.
Tarsila denbora luzez bizi eta hezi izan zen Europan. Abangoardien Parisen igarotako urteetan, berrikuntzak eta esperimentazio artistikoak markatutako ingurunean, Tarsilak Kubismoa bereganatu zuen, jatorria berrinterpretatzeko formak zatikatuz. Parisko estiloaren aukerei erantzuteko erronkari aurre egin zion, kulturen nahasketan oinarritutako brasildar identitate modernoa eraikitzen ahalegintzen zen bitartean.
Brasilera egindako bidaiek bere lurrarekiko lotura bizitu eta Inauteriak Madureiran (1924) bezalako lanak inspiratu zituen, kolonia aurreko tradizioak eta eszena herrikoiak erakusten dituztenak kolore bizi eta forma geometrikoekin. Handik urte batzuetara, haren pintura kritikoagoa eta poetikoagoa izatera iritsi zen; Langileak (1933) bezalako lanetan, Brasilgo errealitate soziala islatu zuen, lanaren munduarekin lotutako tonu soilagoak erabiliz.
Tarsila do Amaral
Langileak (Operários), 1933
Olio-pintura mihise gainean
150 x 205 cm
Acervo Artístico-Cultural dos Palácios do Governo do Estado de São Paulo, São Paulo
© Tarsila do Amaral Licenciamento e Empreendimentos SA
Argazkia: © Artistic-Cultural Collection of the Governmental Palaces of the State of São Paulo / Romulo Fialdini the State of São Paulo / Romulo Fialdini