El gran árbol y el ojo

Arte liluragarria

Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!

Arteak lagun gaitzake gure emozioak hobeto ulertzen?

Bisita ezazu Museoa modu autonomoan eta ezagutu Bildumako zenbait obra, beste bisitari batzuengan eta agian zugan ere bai, dibertsioa eta gozamena pizten eta inspiratzen dituztenak. Obra hauek aukeratzeko, ARTETIK: From the Art artearen eta emozioen arteko esperimentu digitalaren emaitzei erreparatu zaie, eta zuk ere parte hartu ahal izango duzu ibilbide horretan.

Esperientzia hau atsegina izatea espero dugu.

MAPA

Zuhaitz garaia eta begia
El gran árbol y el ojo

Zuhaitz garaia eta begia

Urmaela  

Sar zaitez Museora, eta, behin Atrioan zaudela, irten terrazara. Hemendik, Deustuko zubi aldera begira, eskultura deigarri hau ikus ahal izango duzu; hau da, Anish Kapoorren obra bat, hiru ardatzen gainean jarrita dauden hirurogeita hamahiru esfera islatzailerekin osatua.

Kapoorren lan-mota horiek arkitekturan inspiratuta daude eta kokapen espezifikoetan jartzeko sortuak dira, eta gugan esperientzia intimoak nahiz kolektiboak sortzen dituzte. Artistaren arabera, eskultura beti “eraldaketa” egoeran aurkitzen da, eta autogenerazio, disoluzio, zatiketa eta biderkatze prozesu batzuetan igarotzen da.

Kapoorrentzat, ikuslearen gorputza eta begirada elementu oso garrantzitsuak dira obra dinamiko eta ilusionista honetan: pertsona bakoitzak bere errealitate subjektiboa ematen du haren aurrean jarri eta begiratzen dionean, eta, aldi berean, mundua ikusteko eta esperimentatzeko modu berriak aurkitzen ditu.

Zer ikusten duzu bola islatzaile horietan eta nola sentiarazten zaituzte oro har?

Anish Kapoor
Zuhaitz garaia eta begia, 2009
Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua
1297 x 442 x 440 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Horma-irudia, 831. zk. (Forma geometrikoak)
LewitS scaled 4

Horma-irudia, 831. zk. (Forma geometrikoak)

302. aretoa, hirugarren solairua

Sol LeWitten sormen-prozesuak zalantzan jartzen du tradizionalki artelanak sortzeko modu gisa ulertzen dena. Obra hau ez zuen zuzenean artistak egin, baizik eta hark adierazitako jarraibide batzuk jarraitzen dituzten laguntzaileen talde batek. LeWitt-en premisa da artea ideian dagoela benetan eta ez ideia hori gauzatzen duen pertsonarengan.

Horman zuzenean marrazten da, eta, erakusketaren amaieran, obra suntsitu egingo da; horrela, jarraibideak hurrena instalatzen denerako geratuko dira.

Obra hau kokapen zehatz baterako egin zuen LeWittek 1997an, Museoaren irekiera-urtean;  hots, Museoaren bigarren solairuko galeria zabal baterako (208. aretoa).

Artistak pintura akrilikoan hormarako egindako lehen marrazkietako bat da, eta gorri, urdin, laranja, berde, more eta gris bizi eta saturatuak ditu. Forma geometriko irregularrak tolestu egiten dira Frank Gehryk diseinatutako aretoaren horma kurbatu eta inklinatuarekin, pintura arkitektura-ingurunearekin batu dadin eta eraldatu dezan.

Mugi zaitez astiro-astiro espazio honetan zehar. Nola sentiarazten zaituzte forma eta kolore horiek? Nola sentituko zinateke eskala txikiagoa izango balitz edo beste kolore batzuk izango balitu?

Sol LeWitt
Horma-irudia, 831. zk. (Forma geometrikoak), 1997
Akrilikoa horma gainean
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Esnatzen
Gilbert and George 1024x339

Esnatzen

303. gela, hirugarren solairua

Gilbertek & Georgek elkar ezagutu zutenean, elkarrekin lan egiten eta bizitzen hasi ziren, eta haien identitate artistikoak batean urtu zituzten. Ez dute inolako bereizketarik egiten haien bizitzaren eta artearen artean: haien artelanak dira. 1960ko hamarkadaren amaiera aldera, jendaurrean agertzen hasi ziren “eskultura bizidunak” izango balira bezala, eguneroko jarduerak ikuskizun bilakatuz.

Gilbertek & Georgek hainbat diziplina erabiltzen dituzte; hala nola, argazkigintza, marrazketa, pintura, testu idatzia eta zinema, eta, haien perfomanceetan bezala, guztietan argi eta garbi nabari da haien presentzia, maiz autoerretratu gisa.

1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, koadrikula formatua hartu zuten argazkietarako, eta laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, collage fotografikoak kolore bizi-biziz estali zituzten, elizetako beirateen tradizioa gogora ekarriz. Ezaugarri horiek guztiak 1984ko Esnatzen lanean ikus daitezke.

Gainera, garai horretako ekoizpena Londresko East End auzoko gizartearen xehetasunetan eta hiriko esperientzia homosexualean inspiratzen da, giza existentziaren misterioak irudikatzeko.

Gilbert & George
Esnatzen (Waking), 1984
Argazki-konposaketa
363 x 1.111 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Idi-bihotzak
Tulips

Idi-bihotzak

303. gela, hirugarren solairua

Gela honetan bertan aurkituko duzu Jeff Koons artista estatubatuarraren Idi-bihotzak obra.

Koonsek kultura landuaren eta herri-kulturaren arteko mugei egin zien aurre 1980ko hamarkadaren erdi aldera, publizitatearen hizkuntza bisuala, marketina eta aisialdiaren industria erabiltzen zituen obretan, “masekin komunikatzeko” helburuarekin.

Idi-bihotzak (Tulips) eskultura, tamaina erraldoiko kolorezko puxiken moduan sortutako lore-sorta (2 metrotik gorako altuera eta 5 metrotik gorako zabalera), 1994an hasitako Ospakizuna (Celebration) sail anbiziotsukoa da. Urtebetetze-jai, opor eta gainerako festa-ekitaldiekin lotutako objektu herrikoietan inspiratuta, Ospakizuna saileko pinturek eta eskulturek Koonsek haurtzaroko elementuekin etengabe izandako erlazioa islatzen dute.

Idi-bihotzetan eta haren Puppy izugarrian (Museoko plazan kokatua), Koonsek eskala eta materialak ustekabeko mugetaraino manipulatzen ditu. Zure ustez, zer eragin nahi du ikusleengan horrekin?

Jeff Koons
Idi-bihotzak (Tulips), 1995–2004
Kromo asko duen altzairu herdoilgaitza koloredun laka zeharrargiarekin
203 x 460 x 520 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

ARTETIK: From the Art
Artetik 1 scaled

ARTETIK: From the Art

303. gelaren alboko korridorea

Zer sentitzen duzu artelan bat ikustean? Beste pertsonek gauza bera esperimentatzen dute pieza beraren aurrean? Ez galdu ARTETIK: From the Art! ekimen digitala

Instalazio honetan, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanen aurrean zuk dituzun emozioak azter ditzakezu. Esperientzia digital hau denborarekin osatzen da, emozioen grafiko kolektibo bat sortuz pertsonek tresnarekin elkarreragiten duten neurrian.

Sentitu artea Museoaren Bildumarekin eta partekatu zure emozioak! Halaber, behatzen dituztenen artean lilura sortzen duten beste obra batzuk ere ezagutu ditzakezu.

Proiektu hau Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture-ren arteko lankidetza da.

Puppy
004 Puppy Julio 2012 1 scaled

Puppy

Museoko plaza

Museotik irtetean, Jeff Koonsen Puppy obra aurkituko duzu. Lan horren bidez, artistak iragana eta oraina uztartzen ditu, ordenagailu-eredu sofistikatua erabiltzen baitu XVIII. mendeko lorategi klasiko europar bati erreferentzia egiten dion eskultura sortzeko. West Highland terrier txakur erraldoiak, loratuta dauden landareez josiak, ikonografia edulkoratua erabiltzen du —loreak eta txakurtxoak— sentimentalismoari monumentu bat eraikitzeko.

Obra honetan, artistak eskala manipulatzeaz gain, kultura elitistaren eta herri-kulturaren erreferentziak konbinatzen ditu, zuhaixkak zizelkatzearen edo txakurrak haztearen artetik hasi eta zeramika apaingarriraino edo desio oneko mezuen txarteletaraino.

Koonsek eskultura hau diseinatu zuen, bere hitzetan, “konfiantza eta segurtasuna” erakartzeko, sustatzeko eta zabaltzeko asmoarekin. Handikiro eta sendo zaintzen du Museoaren ataria, eta ikusleak mirespenez eta pozez betetzen ditu Puppyk. Dagoeneko Bilboko hiriaren ikurra izatera iritsi da.

Ba al zenekien Puppy artelan “bizia” dela? Loretan dauden 35.000 landarek osatzen dute. Udaberrian, begoniak, alegriak, petuniak, lobeliak, krabelin indiarrak eta krabelin txinatarrak landatzen dira, gorriak, laranjak, arrosak eta zuriak; neguan, berriz, pentsamenduak.

Jeff Koons
Puppy, 1992
Altzairu herdoilgaitza, substratua eta loratzen ari diren landareak
1240 x 1240 x 820 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Ibilbide hau amaitu da, nahiz eta hauek bisitariengan poza sortzen duten adibide batzuk besterik ez izan. Utzi Museoari gidatzen, jarraitu Museoa zure kontura bisitatzen eta utzi arteari poztasuna ematen.

Zure esperientzia atsegina izan delakoan, laster arte!

Beste ibilbide batzuk