talleres de verano

Familia-bisitaldia

Bisitatu Guggenheim Bilbao Museoa familiartean! Haurrentzat berariaz diseinatutako jarduera eta material aukera zabala dakarkigu, Museoa ekarrekin arakatu dezazuen. Gogoratu artelanak ezin direla ukitu, eta komenigarriagoa dela txikiak eskutik helduta eramatea. Eskerrik asko zuen laguntzarengatik!

Eraikina
El edificio | Guggenheim Bilbao Museoa

Eraikina

1. solairua, Atrioa

Badago zer arakatua Museoko Atrio inguruan! Aretoen kanpoaldea estaltzen duten materialek gune bakoitzak barrutik nolako forma duen jakiten laguntzeko arrastoak eskaintzen dituzte. Saiatu titaniozko estalkia duten aretoen eta kareharrizkoa dutenen arteko aldeak aurkitzen.

Artelan iraunkorrak eta kokapen zehatzekoak
Su-iturria | Yves Klein | Guggenheim Bilbao Museoa

Artelan iraunkorrak eta kokapen zehatzekoak

Plaza, terraza

Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren barruan nahiz kanpoan modu iraunkorrean kokatuta dauden zenbait obra Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoak dira, eta horietako batzuk kokapen zehatzeko artelanak dira, hau da, berariaz gune horietara egokitzeko pentsatu eta egin dituzte artista garaikideek.

Puppy, lorez estalitako West Highland Terrier txakurkume erraldoia, Museora ongietorria emateaz arduratzen da. Baina gogoetatu al duzue inoiz ea nola ureztatzen den Jeff Koons artistak sortutako eskultura bizi eskerga? Puppy modu jasangarri eta eraginkorrean ureztatzen da, hainbat teknologia uztartzen dituen sistemaren bidez egin ere. Horrela, obra osatzen duten milaka loreek behar duten ura baino ez dute jasotzen; ez gehiago, ez gutxiago.

Erakusketak
La Materia del Tiempo | Richard Serra | Guggenheim Bilbao Museoa

Erakusketak

1. solairua

Museoko erakusketek artelanak sortzeko eta ulertzeko modu berriak ikasteko aukera ugari eskaintzen dituzte. Ibili Richard Serraren Denboraren materia instalazioan barrena, eta sartu eskulturen barruan, haien formak nola aldatzen diren ikusteko. Amaitutakoan, ez ahaztu areto horretara ematen duen balkoitik begiratzea. Ziur harrituta geratuko zarela!

Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Komunak eta haurtxoak aldatzeko tokiak
Cambiabebes

Komunak eta haurtxoak aldatzeko tokiak

1. solairua eta sotoa

Museoko solairu guztietan daude komunak. Haurtxoak aldatzeko tokiak, aldiz, lehenengo solairuan eta Museoko sotoan daude.

Beste batzuk
Informazio-mahaia | Baliabideak | Guggenheim Bilbao Museoa

Beste batzuk

1. solairua, arropazaindegia

Museoko arropazaindegian haurrentzako aulkitxoak eta haurtxoak eramateko motxilak dauzkazue eskuragarri, zuen bisita erosoagoa izan dadin.

 

Guggenheim Bilbaoko taberna eta jatetxeak
Interior del restaurante Nerua | Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbaoko taberna eta jatetxeak

Bar Guggenheim Bilbao tabernan mokaduak, pintxoak, pastelak eta edariak dituzue eskuragarri, baita eguneko platera ere. Museoak kalitate handiko bi sukaldaritza-esperientzia ere eskaintzen ditu: Nerua Guggenheim Bilbao, goi-mailako sukaldaritzako jatetxea, eta Bistró Guggenheim Bilbao, proposamen informalagoa. Gaur egungo osasun-egoera dela-eta, baliteke zerbitzuan aldaketak egotea.

Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen
Helen Frankenthaler

Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen

Eta margotzeak araurik izango ez balu? Eta kolorea mihisean barrena askatasunez zabalduko balitz, ura izango balitz bezala? Hori egitea lortu zuen Helen Frankenthalerrek (1928–2011), pintatzeko modu propioa asmatzea erabaki eta artea betiko aldatu zuen artistak.

Ibilbidea hasteko, haren lehen obrak izango ditugu, oso gaztea zela, Frankenthaler pintura oso likidoa erabiltzen hasi zenekoak; oihalaren gainera bota eta libreki zabaltzen uzten zuen. Teknika horri “busti eta zikindu” deitu zion. Aurrerago, ikusiko duzu haren koadroak kolore biziz eta forma argiagoez bete zirela eta airean dabiltzala ematen dutela. Helen artista handien laguna zen, tartean, Jackson Pollockenena, eta harengandik ikasi zuen mihisea lurrean jarrita ere margotu zitekeela. Begiratu arretaz koloretako orbanei; zure ustez, zeintzuk pintatu ziren horrela?

Frankenthaler, halaber, lagun eskultoreak izan zituen; adibidez, Anthony Caro, eta sortzeko modu berriak probatzera animatu zuten. Ildo horretan, margolan batzuek bolumen handiagoa dutela ematen dute, kolorez egindako eskulturak balira bezala; era  berean, artistak egindako metalezko eskulturak ikus ahal izango dituzu. Obren izenburuei erreparatzen badiezu, zuzen ondoriozta dezakezu Helenek asko bidaiatu zuela, itsasotik gertu bizi izan zela, eta horrek pintatzeko moduan eragina izan zuela. Gero eta kolore gutxiago erabiltzen zituen, baina gehien hunkitu zuten paisaietan pentsatuz hautatzen zituen. Azken urteetan, askatasun osoz sortzen jarraitu zuen, papera, belakiak… erabiliz, baita zurezko koilarak ere!

Helen Frankenthaler
Goizak (Mornings), 1971
Akrilikoa mihise gainean
294,6 x 185,4 cm
Helen Frankenthaler Foundation, New York
© 2025 Helen Frankenthaler Foundation, Inc./Artists Rights Society (ARS), New York / VEGAP
Argazkia: Rob McKeever; eskaintza: Gagosian

Tarsila Do Amaral. Brasil modernoa margotuz
El Coco (A Cuca), 1924

Tarsila Do Amaral. Brasil modernoa margotuz

Bigarren solairuko 202. eta 203. aretoetan,  Tarsila do Amaral (1886-1973) artista brasildarraren obra aurkituko duzu.

Tarsila Europara joan zen, tartean Bartzelona eta Parisera, eta arte-akademia ezberdinetan jaso zuen prestakuntza. Brasilera itzultzean, begi berriekin ikusi zituen Brasilgo herri-kulturaren motiboak, eta haren koloreak sartzen hasi zen bere margolanetan. Forma geometrikoak eta lerro lodiak zituzten nagusi, Kokoa (1924) obran agertzen direnak bezala. Batzuetan, Tarsila ametsetan inspiratzen zen, eta hori Distantzia (1928)lanaren giro surrealista eta misteriotsuan ikus daiteke.

Artistak Brasilgo landa-eremuaren paisaiak margotu zituen, baina hiriek bizi izandako industrializazio azkarra ere islatu zuen, obretan metalezko egiturak, trenbideak eta burdinbideak sartuz. Langileak (1933) mihisean, adibidez, lantegi bateko tximiniak irudikatzeaz gain, aurpegi ugari biltzen dituen erretratu kolektibo bat osatzen du, Brasilgo aberastasun multikulturala erakutsiz.

 

Tarsila do Amaral
Kokoa (A Cuca), 1924
Olio-pintura mihise gainean
60,5 x72,5 cm
Centre national des arts plastiques, Paris, gordailuan hemen: Musée de Grenoble, inb.: FNAC 9459
© Tarsila do Amaral Licenciamento Empreendimentos SA
Argazkia: © Ville de Grenoble – Musée de Grenoble / J.L. Lacroix

Beste ibilbide batzuk