Sky Hopinka: Korde gabe
2025.09.18 - 2026.01.18
Sky Hopinkak herri indigenen kultura, historia eta sinesmen tradizionalak aztertzen ditu, identitatea, memoria, hizkuntza eta mitoa gaitzat hartuta. Wisconsingo Ho-Chunk nazioko kidea eta Kalifornia hegoaldeko luiseño herriaren Pechanga Bandaren ondorengoa da Hopinka, eta Ferndalen (Washington, AEB) jaio eta hazi zen. Amerikako ipar-mendebaldeak leku nabarmena du Hopinkaren obra artistikoan, bereziki aberriaren, pertsonatasunaren eta paisaiaren ikerketan sakontzen duenean. Bere filmek gaur egungo bizimodu indigenaren konplexutasunei buruzko hausnarketa proposatzen dute zinema ez-narratiboa, poesia eta irudi abstraktuak ikuspegi etnopoetikoarekin uztartuz; ikus-entzunezkoetan kultura indigenak luzaz kosifikatu izan dituen begirada etnografikoaren aurkako erreakzioa da.
Zinema etnopoetikoaren bidez, eta film-teknika dokumental eta esperimentalak batuz, hainbat gai aztertzen ditu, hala nola nortasun kulturala, desplazamendua eta eguneroko esperientziak; kultura-adierazpenaren alderdi artistikoak eta performatiboak nabarmentzen ditu horrela. Hopinkaren lanean giltzarria da artistak kontakizuna bere ikuspegi indigenatik helarazteko duen konpromiso sakona, narratiba hori luzaroan egon baita alboratuta mendebaldeko kanonean. Artistak honela dio: “Filmak egiteko nuen nahiak, neurri batean, nire komunitatearen eta nire identitatearen historia indigenak kontatzeko beharrari erantzuten dio”.
Korde gabe (2018) lanean, Hopinkak Xąwįska edo indiar pipa landarea deritzonaren sorreraren nondik norakoak ikertu ditu; “mamu-lorea” edo “hilotz-landarea” ere esaten zaio landare horri. Ho-Chunk herriak, tradizioz, sendabelar hori erabili izan du konortea galtzen dutenak suspertzeko; identitate, ezagutza eta kultura indigenaren ikurra ere bada. Gainera, haren sinbolismoa bizitzaren eta heriotzaren zikloekin lotu daiteke, baita espiritu-munduarekin ere. Hopinkak, ikerketa sakona eginda ere, ez zuen landarearen jatorria zehazten duen mitorik aurkitu; hortaz, bere kulturaren mitogintzaren eta mitoak bizirautearen tradizioak aldarrikatuz, berak asmatu zuen bat.
Hiru kanaleko film laburra begien aurrean hedatuz doan paisaia koloretsu bateko eszenak zeharkatzen dituen eskuz idatzitako poema batekin hasten da, musika iradokitzailez lagunduta. Gune honetan ere irakurgai dagoen poema horrek zuzenean hitz egiten dio Xąwįskari, eta aurrerago, landarea kapa batean bilduriko figura gisa pertsonifikatuta agertzen da. Horrek guztiak espiritu-mundua zeharkatzera garamatza hainbat kontzientzia-egoeraren bidez. Obra hau Washingtonen, Coloradon, Wisconsinen, Oregonen eta Mexiko Berrian egina da, eta bertan, Hopinkak ameskeriazko narratiba bat sortu du musika, poesia, soinua, kolorea eta irudiak uztartuz esperientzia murgiltzaile paregabea eratzeko; eta, oraingo honetan, esperientzia hori Guggenheim Bilbao Museora egokitu du berariaz.
Poema Korde gabe (2018)
Xąwįska, Mamu Landare, berriro galdu duzu kordea.
Lore bat erauzi dizut sorbaldatik
eta hatz artean kiribildu dut
birrin griskara bihurtu den arte.
Su eman diot, eta zure aurpegirantz egin diot putz keari.
Zu noiz esnatuko zain, gogoeta egin dut zenbatetanez ote nauen
esnatu ameskeriatik zure barre-algarak.
Zer dira berde-urdin horiek, laranja horiek, arrosa horiek?
Altxatzeko erregutzen dizun ke-laino zurrunbilotsua?
Beti egin nahi izan ditut galdera hauek.
Behingoz altxatu zarenean, eskuetara bota duzu arnastutako kea
eta nire amaz mintzatu zara.
Xąwįska, luzaroegi daramazu kanpoan eserita.
Iluntzen ari du eta espirituek ikusi egin gaitzakete.
Etxera joateko ordua da.
Behinola esan zenidan: “Haritz gorriak ikustean, jarraitu urari.
Gero, ibaia bitan banatzen dela ikusiko duzu:
lursail eder bat aurkituko duzu han.
Kendu daramazun gauza distiratsu oro eskuetatik,
lepotik, gorputzetik,
eta egizu igeri hurbilen duzun ibaiertzera”.
Xąwįska, berriro galdu duzu kordea.
Zu suspertzen saiatu naiz, dakidan moduan.
Baina ez duzu ez altxatzeko asmorik. Hor jarraitzen duzu, geldi.
Gure anaien kantuak kantatzen irakatsi zenidan
gure ahaideek nor garen jakin ahal izateko.
“Ozen entzungo dira bai gure ahotsak! Izarrartera goratu arte!”
Hori esan zenidan. Hori dut gogoan.
Xąwįska, berriro erori zara. Loreak erauzi dizkizut sorbaldatik,
besotik, hankatik.
Birrindu eta su eman diet.
Xąwįska, hain zaude isil.
Ondoan naukazu, zure kea ahokadaka arnasten.
Zure gainera egin dut hats.
Erretzen, errausten, amiltzen zaude.
Berriro geratu naiz bakarrik.
Behin aipatu zenidan leku hura dut gogoan,
haritz artean ibaia bitan banatzen den lekua,
bitartean gorritzen ari da zerua.
Hemen egon naiz orain arte.
Luze daramat berton.
Orain, neu ibiliko naiz alderrai laku-ertzaren inguruan.
Aretoa: 103
Komisarioa: Geaninne Gutierrez-Guimarães
Sky Hopinka
Korde gabe (Fainting Spells), 2018
Hiru kanaleko bideoa, koloretan, soinuduna, 9 min, 45 s
A.P. 1/2, 3 kopiako edizioa
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, honakoak emandako funtsekin erosia: Photography Council, 2021
© Sky Hopinka