
Sky Hopinka Ferndalen jaio eta hazi zen, Washingtonen, eta urte batzuk eman zituen Palm Springsen eta Riversiden (Kalifornia), Portlanden (Oregon) eta Milwaukeen (Wisconsin). Portlanden, Chinuk Wawa ikasi eta irakatsi zuen, Pazifikoko ipar-mendebaldeko hizkuntza indigena, eta zinema dokumentalean interesatzen hasi zen. Milwaukeen, zinema esperimentaleko graduondoko batean, dokumentalak filmatzeko modu ez-konbentzionalak aurkitu zituen, eta horrek zabaldu zizkion aukerak bere interesak —lengoaia indigenak eta egungo bizitza natiboa— ikuspegi berezi batetik adierazteko. Orain, Brooklynen (New York) bizi da eta Harvard Universityko (Cambridge) Artea, Zinema eta Ikerketa Bisualak (Art, Film, and Visual Studies) saileko irakasle laguntzailea da.
Hopinkaren filmak Sundance, Toronto International Film Festival, Ann Arbor, Courtisane Festival, Festival Punto de Vista eta New York Film Festival zinemaldi ospetsuetan aurkeztu dira. Bere lanak nazioarteko aintzatespena jaso du banakako erakusketa ugaritan, besteak beste honako guneetan: Center for Curatorial Studies – Bard College, Annandale-On-Hudson, New York (2020); Saint Louis Art Museum, St Louis (2020); Museum of Modern Art, New York (2021); LUMA, Arles, Frantzia (2022); San Francisco Museum of Modern Art (2023); Frye Art Museum, Seattle (2024); eta Kunsthalle Friart, Suitza (2024). Gainera, erakusketa kolektiboetan erakutsi da, esaterako, Whitney Museumeko Bienalean (2017), Gwangjuko Bienalean (Hego Korea, 2023) eta Göteborgeko Nazioarteko Bienalean (Suedia, 2023).
Hopinkaren filmak, bideoak eta argazkiak munduko museo garrantzitsuenetako batzuen bildumetan daude. Gainera, Sky Hopinka ikertzailea izan da Harvard Universityko (Cambridge) Radcliffe Institute for Advanced Study institutuan eta Sundance Institutuko (Los Angeles) Sundance Art of Nonfiction programan, eta Guggenheim Fellow for Creative Arts (2020), Forge Project Fellow (2021) eta MacArthur Fellow (2022) bekak lortu ditu. Sari ugarien artean, nabarmentzekoak dira Herb Alpert Award in the Arts, Film & Video (2020); International Center of Photographyko Infinity Award in Art (2022) eta San Francisco International Film Festivaleko Persistence of Vision Award (2025).
Sky Hopinka (n. 1984, Ferndale, Washington)
Artistaren eskaintza
© Sky Hopinka