Eskulturarako gonbita
Anthony Caro 1959an sartu zen Helen Frankenthalerren zirkuluan, New Yorkera egin zuen lehen bidaian, alegia, eta haren lagunik minenetakoa izan zen harrezkero. Margolariak oso gogoko zituen eskultura eta eskultoreak, bereziki Caro eta David Smith, biak ere erakusketa honetan presente dauden artistak. Miresmen horren omenaldi modura, Caroren Eskaileretan gora (1979–83) eskultura ikusgai dago Frankenthalerren Matisse mahaia (1972), Londresko hiriguneko mapa (1972) eta Patioa (1972) eskulturekin batera.
1972ko udan Caroren Londresko estudioan egindako bi asteko egonaldi emankorrean sortu zituen Frankenthalerrek hiru eskultura horiek. Carok eman zizkion materialak, baita garai batean laguntzaile izandako kideetako baten lankidetza eskaini ere. Frankenthalerrek pinturari bezalaxe heltzen zion eskulturari ere: intuizioari jarraituz. Haren eskultura askok Smithen eragina dute, azken horrek behin baino gehiagotan bultzatu baitzuen hiru dimentsioko objektuak sortzera. Caroren Eskaileretan gora, Washington D.C.ko National Gallery of Arten David Smithi buruz egindako sinposio batean parte hartu ondoren amaitua, piezaz pieza osatua da, soldaduraz soldadura, Frankenthalerren eskulturen antzera. Izan ere, biek egiten zuten bat Smithen eraikuntzaplanteamendu inprobisatuarekin. Eskaileretan gora obraren atzeko aldeko kubo txikia Smithen Cubi (1963–65) eskultura-saileko azken sorkuntzei buruzko erreferentzia burutsu modura har liteke, lagunen arteko lotura estuaren erreferentzia modura.