Une honetan ikusgai (105 aretoa)

Réquiem

1992Akrilikoa mihise gainean
179,1 x 243,8 cm

Helen Frankenthaler (1928–2011) AEBk XX. mendean emandako artistarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Espresionismo abstraktutik kolore-eremuen pinturara, haren estilo piktorikoa eraldatuz joan zen 50 urte luzez, beti ere konbentzio plastiko tradizionalei aurre eginez. 1952an “busti eta zikindu” teknika berritzailea erabiltzen hasi zen, disolbatzailearekin diluitutako olio-pinturarekin lehenik, eta, ondoren, 1962tik aurrera, akrilikoarekin. Teknika horrekin bultzada berria eman zion abstrakzioari: mihise prestatu gabea estudioko zoruan zabalduta, pigmentua ematen zion, dela pintzelez, isurita, tantaka botata, belakiak erabilita zein gainean igurtzita. Kolorea eta espazioa ezin hobeto menderatzen zituen artistak, eta bat-batekotasun intuitiboa izan zen bere sormen-prozesuaren ardatza; hala, mihise eta paper gaineko pintura corpus oparoa sortu zuen.

1950eko hamarkadan bizitza bohemioa zeraman margolari gazteak, eta, Clement Greenberg arte kritikari estatubatuarraren bitartez, New Yorkeko Eskolako beste artista batzuk ezagutu zituen, hala nola David Smith, Lee Krasner, Jackson Pollock, Willem eta Elaine de Kooning, Franz Kline, Adolph Gottlieb edo Barnett Newman. Frankenthalerrek 1951n ikusi zuen lehendabiziko aldiz Pollocken lana, New Yorkeko Betty Parsons Galleryko erakusketa batean, eta, ondoren, Pollocken estudioan izan zen, Springs-en (East Hampton, Long Island); haren lana ezagutzeak izugarrizko eragina izan zuen Frankenthalerrengan. Pollockek garai hartan esmalte zuri-beltzarekin egiten zituen obrek inspiratuta, keinuz eta sinboloz beteriko keinuzko abstrakzioa egiten hasi zen Frankenthaler. Pollockek bezalaxe, berak ere mihisea lurrean jartzen zuen zuzenean, prestatu eta inprimatu gabe, eta modu ez oso konbentzionalean aplikatzen zuen pintura, pintzelekin, belakiekin nahiz atzamarrekin. Busti eta zikintzeko teknika artistarekin batera eboluzionatuz joan zen, baina, aldaketak aldaketa, haren lanek beti zeukaten nolabaiteko espazio-sentsazio dinamikoa, Frankenthalerren ustez margolan abstraktu batek ezinbestekoa baitzuen kutsu hori ona izateko.

 
Frankenthalerrek 1990eko eta 2000ko hamarkaden artean egindako lanik berantiarraretako askok giroa nagusi duten paisaia eta itsas paisaia abstraktuen bidez bideratzen dute kolorea. 1974 eta 1997 artean, artista New York eta Shippan Point (Stamford, Connecticut) artean bizi izan zen, eta lan ere bi-bietan egiten zuen. Gainera, 1990 eta 1991 artean, udako eskola magistralak eman zituen Mexiko Berriko Santa Fe Art Instituten. New York hiriko zalaparta atzean utzita, Frankenthaler estudioan aritu zen lanean ingurua inspirazio-iturri hartuta, izan Long Islandeko itsasarte ondoan edo San Fe inguruko lurralde zabalean.

Hildakoen omenezko mezetako genero musikaletik hartutako izenburua du, inondik ere, Requiem (1992) lanak. Bertan, Frankenthalerrek konposizio abstraktu bat sortu zuen espazio mugagabea eta hondoari iltzatutako kolore-sorta trinko eta iluna —gorri-morea, purpura, marroiak, urdinak— uztartuta. Pinturak  heriotza ekartzen du gogora, eta gorazarre ere egiten dio mihisean gora egiten duten pintura-geruzen bidez. 1992an, Frankenthaler akrilikoarekin nahastutako gelarekin esperimentatzen hasi zen, eta zinez emaitza eskultorikoak lortu zituen nahasketa hori arraspa, paleta, espatula, belaki zein zurezko koilarekin maneiatuta. Gogorra, tirabiratsua, zaila da Requiem obra, eta haren azalera hertsagarriak artistaren ekoizpen berantiarraren inguruko gai existentzialak jartzen ditu mahai gainean.

 

Jatorrizko izenburua

Requiem

Data

1992

Teknika / Materialak

Akrilikoa mihise gainean

Neurriak

179,1 x 243,8 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Lotura duten artelanak