Une honetan ikusgai (105 aretoa)

Santorini

1965Akrilikoa mihise  gainean
269,2 x 175,3 cm

Helen Frankenthaler (1928–2011) AEBk XX. mendean emandako artistarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Espresionismo abstraktutik kolore-eremuen pinturara, haren estilo piktorikoa eraldatuz joan zen 50 urte luzez, beti ere konbentzio plastiko tradizionalei aurre eginez. 1952an “busti eta zikindu” teknika berritzailea erabiltzen hasi zen, disolbatzailearekin diluitutako olio-pinturarekin lehenik, eta, ondoren, 1962tik aurrera, akrilikoarekin. Teknika horrekin bultzada berria eman zion abstrakzioari: mihise prestatu gabea estudioko zoruan zabalduta, pigmentua ematen zion, dela pintzelez, isurita, tantaka botata, belakiak erabilita zein gainean igurtzita. Kolorea eta espazioa ezin hobeto menderatzen zituen artistak, eta bat-batekotasun intuitiboa izan zen bere sormen-prozesuaren ardatza; hala, mihise eta paper gaineko pintura corpus oparoa sortu zuen.

1950eko hamarkadan bizitza bohemioa zeraman margolari gazteak, eta, Clement Greenberg arte kritikari estatubatuarraren bitartez, New Yorkeko Eskolako beste artista batzuk ezagutu zituen, hala nola David Smith, Lee Krasner, Jackson Pollock, Willem eta Elaine de Kooning, Franz Kline, Adolph Gottlieb edo Barnett Newman. Frankenthalerrek 1951n ikusi zuen lehendabiziko aldiz Pollocken lana, New Yorkeko Betty Parsons Galleryko erakusketa batean, eta, ondoren, Pollocken estudioan izan zen, Springs-en (East Hampton, Long Island); haren lana ezagutzeak izugarrizko eragina izan zuen Frankenthalerrengan. Pollockek garai hartan esmalte zuri-beltzarekin egiten zituen obrek inspiratuta, keinuz eta sinboloz beteriko keinuzko abstrakzioa egiten hasi zen Frankenthaler. Pollockek bezalaxe, berak ere mihisea lurrean jartzen zuen zuzenean, prestatu eta inprimatu gabe, eta modu ez oso konbentzionalean aplikatzen zuen pintura, pintzelekin, belakiekin nahiz atzamarrekin. Busti eta zikintzeko teknika artistarekin batera eboluzionatuz joan zen, baina, aldaketak aldaketa, haren lanek beti zeukaten nolabaiteko espazio-sentsazio dinamikoa, Frankenthalerren ustez margolan abstraktu batek ezinbestekoa baitzuen kutsu hori ona izateko.

 
Hirurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, olio-pinturatik akrilikora igaro zen artista. Baliabide berriak kolore opakoagoak eskaintzen zizkion, ez hain gardenak, eta askoz azkarrago lehortzen ziren. Busti eta zikintzeko teknika margo berrira arrakastaz egokitzea lortu zuen, emaitza bikainekin egin ere. Santorini (1965) obrak Egeo itsasoaren ikuspegi zabalengatik ezaguna den greziar uhartearen izena darama; Frankenthaler 1965ean izan zen bertan, Motherwellekin eta haren bi alabekin —Lise eta Jeannie– batera egindako bidaia batean. Bidaia hartan Paris, Venezia eta Londres ere bisitatu zituzten.

Margolan hau Frankenthalerren abstrakzio poetikoen adibide bikaina da; forma zehaztugabe eta geometrikoak ditu, lurra, itsasoa edo zerua bezalako elementuak iradokitzen dituen konposizio soil batean jarrita. Santoriniri eginiko erreferentzia eta itsasoaren neurrigabetasuna zein kostalde malkartsua gogorarazten dituen zera hori dira irudi abstraktu ezin anbiguoago honetan murgiltzeko abiapuntua.

Jatorrizko izenburua

Santorini

Data

1965

Teknika / Materialak

Akrilikoa mihise  gainean

Neurriak

269,2 x 175,3 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa. Dohaintza: The Helen Frankenthaler Foundation, Inc.

Lotura duten artelanak