
Didaktika ekimenaren baitan, Museoak erakusketen osagarri diren hezkuntza-guneak, eduki digitalak eta programa bereziak diseinatzen ditu bisitariei ikusgai dauden lanez gehiago gozatzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzeko xedearekin.
Erakusketa honetarako prestatutako “Ba al zenekien…” honek Helen Frankenthaler sortzaile aitzindariaren biografiara eta ekarpen artistikoetara hurbiltzen laguntzeko baliabideak eskaintzen ditu. Frankenthalerrek abstrakzioaren panorama eraldatu zuen bere lanetan teknika iraultzaileak baliatuz eta berrikuntza estilistikoak txertatuz. Bere ibilbidean zehar, beste sortzaile batzuekin izandako adiskidetasunetik eta sorkuntzaloturetatik edan zuen. Hala, eskultoreekiko harremanaren bidez, espazioari eta masari dagozkien kontzeptuak barneratu zituen; eta margolariekin izandako loturak aukera eman zion kolorearen eta formaren tratamenduari buruzko askotariko ikuspegien berri izateko.
IN FOCUS honek aztergai hartzen du nola bihurtu zen Frankenthalerren hurbileko lagunartea elkarren inspiraziorako eta esperimentaziorako ezinbesteko gune, eta erakusketan antzematen diren lotura pertsonalak eta eragin estilistikoak azaltzen ditu. Kronologia hautatuak Frankenthalerren bizitzaren eta obraren mugarri adierazgarrien berri ematen du. Museoko 105 aretoko Didaktika gunean aurkituko duzun dokumentalean, berriz Frankenthalerren “busti eta zikindu” teknika berritzailearen eta sorkuntza artistikoari buruz zuen ikuspegiaren lekukotasuna ematen duten artxiboko irudiak eta dokumentazioa biltzen ditu.
Jackson Pollock
ERAGIN PERTSONALA
Frankenthalerrek 1950ean ikusi zuen Pollocken obra lehen aldiz, Betty Parsons Galleryn. “Trauma eder” baten modura deskribatu zuen topaketa hura, eta oso hunkituta utzi zuen. Hurrengo urtean, Pollockek Springsen (Long Island) zeukan estudiora joan zen bisitan Frankenthaler, eta bertatik bertara ikusi ahal izan zuen margotzeko erabiltzen zuen prozesu dinamikoa: pintura mihisearen gainen tantaka isurtzen uzten zuen. Pollocken ikuspegi erradikal, fisiko eta gestual hura inspirazio-iturri hartu zuen Frankenthalerrek margotzeko ekintza bere erara berrasmatzeko.
ERAGIN ARTISTIKOA
Frankenthalerrek miretsi egiten zuen Pollockek irudi misteriotsuak sortzeko zuen ahalmena. Haren metodoak aukera eman zion pintura tradizionalaren mugetatik askatzeko, eta sakonki eragin zion eskala, keinu eta gainalde piktorikoa lantzeko moduan. Pollock eta inprimatu gabeko mihisea zoruan zabaltzeko teknika eredu harturik, busti eta zikintzeko teknika propioa garatu zuen Frankenthalerrek, margotzeko astoa alde batera utzi eta estudioko zoruan zabaldutako mihise handietan margotuz. Pollockek erabiltzen zuen pintura oihalaren gainaldean gelditu ohi zen, baina Frankenthalerrek margoa diluitu egiten zuenez, koloreak ehunean barneratzen ziren, eta obrek lirismo eta leuntasun nabariagoa hartzen zuten.
Mark Rothko
ERAGIN PERTSONALA
Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, Rothko eragin handiko artista bihurtu zen Frankenthalerrentzat. New Yorkeko artearen eszenan ezagutu zuten elkar. Rothkoren margolanetako batek toki nabarmena betetzen zuen Frankenthalerren eta haren lehen senar Robert Motherwellen —margolaria hura ere– etxean, tximiniaren gainean. Rothkoren mihise argitsuek abstrakzio murritzagorako bidea ireki zioten Frankenthalerri.
ERAGIN ARTISTIKOA
Rothkok gaitasun berezia zuen mihise gainean dilindan jarritako kolore-planoen bidez dramatismo espaziala sortzeko, eta trebetasun horrek akuilatuta, antzeko sakontasun emozionala atxiki zion Frankenthalerrek bere obrari, ukitu espontaneoagoaz eta arinagoaz bazen ere. Lurmuturra (Provincetown) (1964) koadroan, adibidez, Frankenthalerrek bere zaletasun plastikoetara bideratu zuen Rothkoren eragina.
Robert Motherwell
ERAGIN PERTSONALA
Helen Frankenthaler eta Robert Motherwell 1957 amaieran egin ziren bikotekide, Motherwell bigarren emaztearengandik banandu eta denbora gutxira. Beren zirkulu artistiko eta sozialaren bidez ezagutu zuten elkar, eta 1958an ezkondu egin ziren; 13 urtez egon ziren ezkonduta.
Senar-emazteek Ekialdeko 94. kalean zeukaten etxea artisten eta intelektualen bilgune bizi-bizia izan zen, eta artearen eta bizitzaren arteko mugak lausotu egiten ziren bertan sortzen ziren solasaldi sakonetan. Antzeko elkartruke aberasgarriak izaten zituzten, halaber, Cod Lurmuturrean (Provincetown, Massachusetts) igarotako udetan.
ERAGIN ARTISTIKOA
Eztei-bidaia espainiar eta frantziar estatuetan barrena egin zutenetik, senar-emazteek bata bestearekiko esplorazio artistikorako baliatu zituzten beti udaldiak eta atzerriko bidaiak. Motherwell inspirazio-iturri harturik, Frankenthalerrek collagearekin esperimentatu zuen, eta Motherwellek, berriz, Frankenthalerren busti eta zikintzeko teknikatik abiatuta, pinturari buruzko ikuspegi enpirikoagoa jorratu zuen. Elkarren arteko sorkuntza-trukeen erakusgarri dira haien lanak, hala nola Motherwellen Suite lirikoa (1965) saila edo Frankenthalerren collage ugariak. Beren arteko harremanari esker, Motherwellek espontaneotasun handiagoz jardun zuen, eta Frankenthalerrek konposizio-egituraren zentzua garatu zuen.
Anthony Caro
ERAGIN PERTSONALA
Frankenthalerrek 1959an ezagutu zuen Anthony Caro, britainiar eskultoreak AEBra egindako lehen bidaian, eta urte luzeko adiskidetasun-harremana izan zuten harrezkero. Carok asko miresten zituen Frankenthalerren “gustu paregabea”, ausardia eta izaera berritzailea, mugak eta arauak hausteko zeukan ahalmena, bereziki. 1987an, Frankenthalerrek egonaldia egin zuen Carorekin Bartzelonako Triangle lantegian. Lantegi hura Carok sortu zuen, beste batzuekin batera, margolarien eta eskultoreen arteko topaketarako, lankidetzarako eta ideia-trukerako gune izan zedin. Caro eta haren emazte Sheila Girlingek asko estimatzen zituzten Frankenthalerren adiskidetasuna eta maisutasuna. Caroren hitzetan, “berez hartu zuen handietan handienen artean zegokion lekua”.
ERAGIN ARTISTIKOA
1972ko udan, Frankenthalerrek bi asteko egonaldia egin zuen Carok Londresen zeukan estudioan, eta altzairuzko eskulturak egin zituen bertan. Sorkuntza-truke hura borobiltzeko, eskultorea Frankenthalerren New Yorkeko estudioan margotzen aritu zen 1982an.
David Smith
ERAGIN PERTSONALA
Helen Frankenthaler eta David Smithek 1950eko hamarkadaren hasieran ezagutu zuten elkar Clement Greenberg kritikariaren bidez, eta, 1951n, Frankenthalerrek Smithen Arrano-zaintzailearen erretratua (1948–49) obra erosi zuen. Bien arteko adiskidetasun-harremana sendotu egin zen Frankenthaler Robert Motherwellekin ezkondu zenetik aurrera. Smithek maiz bisitatu ohi zituen Ekialdeko 94. kaleko etxean, eta senar-emazteek etxeko giltzaren kopia ere eman zioten. Elkarrekin izan zuten gutun-truke amultsuak eta Cod Lurmuturrean elkartzen zirenean ateratako argazkiek erakusten dutenez, haien arteko harremana umoretsua, maitekorra eta elkarrenganako mirespenezkoa zen. Smithek begirune handia zion Frankenthalerri haren originaltasun aitzindariarengatik. Whitney Museum of American Arten haren pintura ikusi ondoren, gutun bat idatzi zion, koadro hura “gainerakoak baino askoz aurreratuagoa” zela esanez. Smithen heriotza goiztiarra galera itzela izan zen haren lagun-taldearentzat, eta izugarrizko hutsunea utzi zien artearen arloan nahiz arlo pertsonalean.
ERAGIN ARTISTIKOA
Smith eskultorea eta Frankenthaler margolaria izan arren, biak zetozen bat artea ulertzeko moduan: “araurik gabea” behar zuen. Smithen aburuz, “espazioan marraztea” zen eskultura, eta horrek bultzatuta, bere koadroei bestelako begiz begiratzen hasi zen Frankenthaler. 1960an, Smithek Bolton Landingen zeukan estudioaren omenezko izenburua jarri zion Frankenthalerrek bere margolan bati; horrela, agerian utzi zituen espaziora hedatzeko zuen konpromisoa eta prozesuan oinarrituriko abstrakzio espontaneo eta ludikorako zuen joera.
Kenneth Noland
ERAGIN PERTSONALA
Kenneth Nolandek 1953an ikusi zuen lehenengoz Frankenthalerren obra, eta inflexio-puntua izan zen hura Nolanden ibilbide artistikoan. Clement Greenberg eta Morris Louis margolariarekin batera, Frankenthalerrek New Yorken zeukan estudioa bisitatu zuen, eta mihisea busti eta zikintzeko teknikarekin landutako Mendiak eta itsasoa (1952) obra ikusi zuen bertan. Gertaera hark bultzatuta, abstrakziorako bidea hartu zuen Nolandek. Obra harekin liluratuta, Washington D.C.ra itzuli, eta espresionismo abstraktuak berezkoa zuen keinuaren dramatismoa sinplifikatzen hasi zen.
ERAGIN ARTISTIKOA
Norabide-aldaketa haren harira, Itua sail iraultzailea sortu zuen, mihisea tindatzen duten kolorezko zirkulu zentrokideen margolanez osatua. Frankenthalerren ereduak aukera-sorta oparoa zabaldu zion Nolandi; horri esker, bere lengoaia plastiko propioa finkatuz joan zen, eta horixe izan zen kolore-eremuen pinturari egin zion ekarpena.
Morris Louis
ERAGIN PERTSONALA
Morris Louisek Helen Frankenthaler miresten zuen, eta haren lana “Pollockengandik hasi eta posiblea zen horretarainoko zubia” zela uste zuen. Louisen arabera, Pollocken keinu zorrotzetik harago eraman zuen abstrakzioa Frankenthalerrek, kolore- eta espazio-mundu arinago baterantz eraman ere.
ERAGIN ARTISTIKOA
Mendiak eta itsasoa (1952) koadroan, Frankenthalerrek bat-bateko keinuaren bidez mihisea busti eta zikintzeko zerabilen teknikari erreparatu zion Louisek. Eta, hura oinarri hartuta, bere estudiora itzuli, eta inprimatu gabeko mihiseekin esperimentatzeari ekin zion; horrela sortu zituen Errezelak eta Lorezkoa sailak. Frankenthalerren berrikuntzek lirikoagoa eta murgilgarriagoa zen abstrakzio bateranzko bidea zabaldu zioten.