Arte-fisica-cuantica
Familiak
Maiatzak 4, igandea

Artea & fisika kuantikoa. Hurbil eta urrun, txikitik handira (Adina: 3–5)

Prezioa

5 € Lagunek / 7 € publikoak oro har

Informazio gehiago

3–5 urteko taldearen kasuan, jarduerarako gutxienez 2 sarrera erosi behar dira: bat haurrarentzat eta bestea harekin batera datorren helduarentzat.

Ezagutu fisika kuantikoa familiartean, artearekin lotutako jolas eta esperimentuen bidez gauza ñimiñoen mundu ikusezina arakatuta. Materiaren partikula txikienetan nahiz galaxien eskala erraldoian (gure begiek ikusi ezin dituzten horietan, alegia), unibertsoa kuantikoa da. Eta mundu kuantiko horrek guk ongi ezagutzen ez ditugun arau harrigarri eta misteriotsuei jarraitzen die. Laserrak, mikrouhinak edo telefono mugikorrak bezalako teknologiak erabil ditzakegu fisika kuantikoari esker. Eta familiartean jolasteko eta ikasteko bidea ere emango digu orain!

Jarduera honetan, zenbait ideia harrigarri ezagutuko dituzu: gauzak nola izan daitezkeen uhin eta partikula aldi berean, mundu kuantikoan nola ez dagoen ezer leku zehatz batean harik eta begiratzen duzun arte, edo partikulak urrutitik konektatuta nola egon daitezkeen. Laburbilduz, fisika kuantikoak deskribatzen digun munduan ez dira ohiko arauak aplikatzen, eta objektuak magikoak diruditen moduetan porta daitezke bertan.

Zeintzuk dira ezagutzen ditugun gauzarik txikienak? Nola ikus ditzakegu? Eskala-kontzeptua aztertzeaz gain, ñimiñotasunari erreparatuko diogu laserren eta material berezien laguntzarekin, eta begi hutsez hautematen ez dena ikusiko dugu. Gainera, planteatuko ditugun erronka iradokitzaileek irudimena piztuko dizute artearen eta zientziaren artean zubi bat ezarriz: nola marraztu ditzakegu gure ahotsaren soinuak? Zer-nolako formak sortzen ditu musikaren bibrazioak? Era horretan, beldurrik gabe besarkatuko dugu ziurgabetasunaren mundua, eta “mikro eta makro” mailez gozatuko dugu munduari begiratzeko dugun modua aldatuta.

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan ikusgai dagoen Ikuspegi kuantikoak erakusketaren harira, partikulen fisikarekin loturiko kontzeptuak jendarteratzeko lankidetza hau planteatu da, kontzeptu horiek sarritan gure logikatik ulergaitz gertatzen zaigun mundu bati buruzko ikuspegi egokiak eskaintzen dizkiguten artisten pentsamenduarekin eta haien obrekin uztartzeko helburuz. Jarduera Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lankidetza estrategikoari esker garatuko da.

Maiatzak 4, igandea
10:15: 3–5 urteko talde bat
Iraupena: 90 min
Saioaren gidaria: Maushaus
Hizkuntza: ele bitan
Plaza-kopurua mugatua da

Prezioa

5 € Lagunek / 7 € publikoak oro har

Informazio gehiago

3–5 urteko taldearen kasuan, jarduerarako gutxienez 2 sarrera erosi behar dira: bat haurrarentzat eta bestea harekin batera datorren helduarentzat.