Vitto
Une honetan ikusgai

Vito Acconci / Sergio Prego: YOU

2025.04.03 - 2025.09.07

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video erakusketa-programak etengabeko konpromisoa du mugimendudun irudiari lotutako praktika artistiko garaikideekiko.

Erakusketa honen abiapuntua Vito Acconci (New York, 1940–2017) eta Sergio Prego (Donostia/San Sebastián, 1969) artistek elkarrekiko garatu zuten lankidetza eta adiskidetasuna da. Diseinu espekulatiboan eta arkitekturan ardaztutako Acconci Studio etxearen jardueran funtsezkoa izan zen garai batean gurutzatu ziren bi sortzaileen bide artistikoak. Erakusketak Acconcik bideo- eta perfomance-arloan egindako lanaren ikuspegi subjektibo bat planteatzen du Pregok diseinatutako aurkezpen-sistema baten bidez. Euskal artistak eskulturaz duen kontzepzioan nabarmen antzematen da Acconcik espazio eraikiak eta haien barruan gorputzak mugiarazten dituzten indarrak ulertzeko izan zuen modu berezia. Bi-bien lanarekin bat dator zentzumenen, ikus-entzunezko baliabideen eta arkitekturaren arteko interakzioari berariazko arreta ematea, gorpuztasuna etengabe saiatuko balitz bezala kamerak hartutako mundu fisikoaren arau eta egituretara egokitzen. Bi artistentzat, artelanek tentsioen eta paradoxen adierazpen zehatz gisa funtzionatzen dute, eta adierazpen horien ondorioak zuzenean eragiten dio ikuslearen kontzientzia fisikoari berari.


Erakusketaren lehen zatian Pregoren zenbait bideo ikus daitezke, denak aldi berean erreproduzituta, eta aretoaren bazter batean Acconciren Zinta abian (1969) piezaren soinua entzuten da. Acconciren jardunak —behin eta berriz zenbatzen du lasterka doala, arnasarik gabe geratu arte— denboran eragiten du. Pregok, berriz, irudia editatzeko teknika xumeak erabiltzen ditu espazioan ezinezkoak diren posizioak eta mugimenduak aurkezteko. Acconciren ahotsa aretoaren beste muturrean ere entzun daiteke, oraingoan diseinu erradikalaren praktika laburbiltzen duen dokumental baten narratzaile bezala. Gune nagusian, Pregoren bi egitura puzgarri handi ikusiko ditugu: Acconciren bideo historikoen aukeraketa baterako proiekzio-pantaila gisa funtzionatzen dute. Egiten zituen performance grabatuetan, Acconcik ez zuen erabiltzen kamera bere burua erretratatzeko, probokatzeko baizik. Hatzarekin zuzenean seinalatzen edo tonu intimoan xuxurlatzen ikus dezakegu artista Zentroak (1971) eta Piztu (1974) lanetan, baita bere gorputza modu oldarkorrean probatzen ere Hiru egokitzapen-estudio (1970) obran. Pieza horietan, Acconcik arreta eskatzen du etsi-etsian, kamerak etorkizunean sare sozialetan izan bide zituen erabilerak aurreikusi izan balitu bezala. Obra sortu eta bost hamarkada baino gehiago igaro direnean, ezin dugu ekidin Acconciren bideo-lanek seinalatu egiten gaituztela sentitzea, askotan modu deserosoan seinalatu ere.

Aretoa: 103
Komisarioa: Manuel Cirauqui


Vito Acconci
Three Adaptation Studies, 1970
Film Super 8mm transferido a video (fotograma)
Courtesy Electronic Arts Intermix, New York