Paisaia berriak

1950eko hamarkadan, Tarsilak enkargu eta ilustrazio-proiektu ugari egin zituen, eta zenbait talde-erakusketatan parte hartu zuen, hala nola São Paulon antolatutako lehen bi bienaletan.

Ordura arte eginak zituen lanak aztertuta, berriz heldu zien bere konposizioetako motiboei eta eguneratu egin zituen. Hainbat erregistro formalekin esperimentatu zuen, eta hasieratik bere lengoaia piktorikoaren bereizgarri izandako forma geometriko eta organikoak egituratzeko modua aldatu zuen.

 
Tarsila inguruko aldaketei adi-adi egoten zen beti, eta bere lanak Brasilgo hiri-paisaiaren eraldaketak jasoz joan ziren, bereziki São Paulorenak, antzinako etxeei eta landaredi tropikalari gailentzen zitzaizkien etxe-orratz gris-urdinxka gero eta garaiago haiekin.

Era berean, kode bisualik berrienekiko irekitasuna erakutsi zuen: hamarkada horren amaieran, abstrakzio geometrikoa eta informalismoa goraldi betean egon ziren artista gazteen artean, Roberto Burle Marx paisajistak landare autoktonoz osatutako lorategi koloretsuak biderkatu egin ziren, eta Brasilia —Brasilgo hiriburu berria— eraikitzeko proiektu handia hasi berria zen Oscar Niemeyerren eta Lucio Costaren gidaritzapean.