Lagunartean
Atal honetako piezek Helen Frankenthalerren erakusketari buruzko testuinguru zabalagoa eskaintzen dute. Artistari adiskidetasun ikur gisa egindako opariak dira batzuk; artistak berak erositakoak beste batzuk; eta badira museoetatik maileguz jasotako bi.
Kenneth Noland eta Morris Louis izan ziren Frankenthalerren Mendiak eta itsasoa (1952) mihisea ikusi zuten lehen artistetako batzuk. Margolariak lana amaitu eta denbora gutxira ikusi zuten haren estudioan. Biek ala biek ezagutzen zituzten Pollocken abstrakzio trinkoak. Baina bestelako planteamendu bat zekarren Frankenthalerren mihise sotilki orbandu, argitsu eta espazioz betetako hark.
Frankenthaler eta Robert Motherwell hamahiru urtez egon ziren ezkonduta (1958–71). Familia eta lagunak partekatzen zituzten, Cod lurmuturrean eta Europan igarotzen zituzten udak, eta arteari buruzko ideiak trukatzen zituzten. Eztei-bidaian Espainian barrena ibili ziren urtean margotu zuen Motherwellek Iberia (1958).
Mark eta Mell Rothko ere bikotearen lagunarte artistikoko kide izan ziren (ikus irudi handitua). 1950eko hamarkadan Pollock Frankenthalerrentzat izan zen horixe izan zen Rothko 1960koaren hasieran: bestelako abstrakzio mota baten katalizatzailea.
Frankenthalerrek Clement Greenberg arte-kritikari estatubatuarraren bidez ezagutu zuen David Smith. Motherwellekin ezkondu zenez geroztik, haien familiako kide estimatu bihurtu zen Smith. Haren Arrano-zaintzailearen erretratua (1948–49) eskultura izan zen, hain zuzen, Frankenthalerrek erositako lehen artelanetako bat, eta hurbil eduki zuen beti.