Azkeneraino margotzen: 2000ko hamarkada
Helen Frankenthalerrek modu naturalean txandakatu izan zituen, beti, mihise gaineko pintura eta paper gainekoa. Papera mihisearen ordezko aukera bat zen, izan ere, errazago manipulatzen da eta, hala behar izanez gero, baita bota ere. Paperaren eta mihisearen arteko etengabeko hartueman horretan, adinak ere izan zuen eraginik. Lurrean zabaldutako mihise gainean margotzeak eskatzen zion koreografia fisikoki gogorregia gertatu zitzaionean, artista berehala hasi zen asto gainean bermatutako oholetan jarritako paper zati handiak edo mihiseak erabiltzen.
Artea eta bizitza mila modu misteriotsutan nahasten dira bata bestearekin. Esan liteke Frankenthalerrek 1994an Stephen DuBrulekin ezkondu ostean egindako paper gaineko margolanak bizigogo berri baten gorazarrea direla. Hala, Eguzki-bulkada eta Cassis obretan esaterako (1995ekoak biak), baikortasuna da nagusi, zehaztasun kaligrafikoz eta fantasia alaiz areagotua.
Frankenthalerrek ez zion sekula uko egin edertasunarekiko konpromisoari, ezta politikoki konprometituago zeuden artista gazteagoek ahalegin hori gutxietsi zutelarik ere zaharkitua eta zentzugabea zelakoan. Edertasuna ezin muga daiteke definizio sinple batera; Frankenthalerrek hari buruz zuen iritzia giza izatearen beraren isla zen. Artistaren azken garaiko obra batzuek, Hegoalderako esposizioa (2002) izenekoak, adibidez, denborageruza iheskorrak dirudite. Eta Ekialderantz gidatzen (2002) behatzean, berriz, finitutasuna igar dezakegu. Egunsentia da, ala ilunabarra?
Arrazoiak sobera daude zahartze-prozesuari buruzko gogoeta filosofikoa egiteko. “Denborak aurrera egin ahala, onenarekin geratzen gara”: horrela laburbildu zuen Frankenthalerrek araurik gabeko artearen alde egin zuen defentsa.