Charla-inaugural-da-Silva-14-10-25
Ikastaroak eta tailerrak
Urriak 21, azaroak 4 eta 18, abenduak 2, urtarrilak 20, otsailak 3 eta 17, martxoak 3 eta 17, apirilak 7 eta 21, maiatzak 5

Artea Ezagutzen ikastaroa “Artea, inguratzen gaituen munduaren isla gisa”

Prezioa

Modulu bakoitzeko prezioa: 120 € Lagunek / 150 € Jarraitzaileek eta publikoak oro har

Lekua

Lekua: Liburutegia eta erakusketa-aretoak

Arte garaikidea ezagutzeko hastapen-ikastaroa, “Artea Ezagutzen” sailekoa, oinarrizko eta erreferentziazko kontzeptuei buruzkoa, ikuspegi dibulgatibo eta irisgarriarekin. Serieak hiru modulutan egituratutako ikastaroak eskaintzen ditu. Modu independentean ere funtzionatzen dute, eta arte garaikideaz eta erakusketez nahiz Museoaren Bildumaz errazago gozatzeko aukera ematen dute, ikaskuntza erraz baten bidez.

Gidaria: Iñigo Sarriugarte Gomez, EHU/UPVko Artearen Historiako irakasle titularra
Modalitatea: presentziala (online egiteko aukera)
Eguna eta ordua: asteartea, 18:00–19:30
Arte garaikidean interesatuta dauden helduei zuzendua
Hizkuntza: gaztelania

ZER IKASIKO DUGU?

  • Funtsezko artista batzuen lana ezagutuko dugu, haien ekarpenak eta eraginak nahiz obra jakin batzuk eta haien testuinguru historikoa, soziopolitikoa eta plastikoa.
  • Arte moderno eta garaikidera hurbilduko gara, eta arlo horretan konfiantza izateko oinarrizko kontzeptu batzuk eskuratuko ditugu.
  • Emakume artisten lana eta artearen historian dagokien lekua aztertuko ditugu.
  • Arte garaikidean behin eta berriz agertzen diren gaiak jorratuko ditugu; hala nola, berdintasuna, aniztasuna eta iraunkortasuna. Gaur egun, garrantzi eta ospe handia hartu dute gizartean.

PROGRAMA

I. Modulua. UTOPIAK ETA ZAPUZTUTAKO AMETSAK

Urriak 21: Eraldaketa sozialak, zientifikoak eta kulturalak
XIX. mendearen amaieratik hasi eta Bigarren Mundu Gerra piztu zen arte, munduak eraldaketa politiko, sozial eta teknologiko sakonak izan zituen. Industria Iraultza berantiarrak urbanizazioa, aurrerapen teknologiko eta zientifikoak, klase berrien sorrera eta mugimendu sozialak bultzatu zituen. Lehen Mundu Gerrarekin aurreko ordenarekiko erabateko haustura gertatu zen, Europa suntsitua atzean utziz eta mugimendu iraultzaile eta autoritarioak sortuz. Gainera, 1929ko krisi ekonomiko sakonak ezegonkortasun are handiagoa eragin zuen, hainbat herrialdetan erregimen totalitarioen gorakada bultzatuz.

Denboraldi horretan zehar, zientzia eta teknologia azkar aurreratu ziren, fisikan, kimikan edo biologian egindako aurkikuntzei esker, Horrela, munduaren ikuspegia eraldatzeaz gain, modernitaterako oinarriak ezarri zituzten. Aldi berean, pentsamendu-korronte berriak sortu ziren; hala nola, positibismoa, psikoanalisia eta abangoardia artistikoak, balio tradizionalak zalantzan jarri eta adierazpen- eta ezagutza-modu berriak aztertu zituztenak.

Azaroak 4: Mugimendu utopiko eta beste begirada batzuen sorrera
Arteetan, Kubismoa, Futurismoa, Dadaismoa eta Surrealismoa bezalako abangoardiako mugimenduek garaiko ziurgabetasuna eta berritzeko nahia erakutsi zuten. Mugimendu utopiko eta idealistetatik hurbil zeuden lengoaia artistiko eta pentsamendu-modu berriek mundu hobea eraiki nahi zuten artearen bidez; bitartean, aurreko mendearen amaieran hasitako lengoaia abstraktuak finkatu ziren, eta beste adierazpen-modu batzuek errealitatetik urrundutako begiradak eta irudikapenak sortzen zituzten.

Artista batzuk: Giacomo Balla, Marcel Duchamp, Vasily Kandinsky, Hilma af Klint, René Magritte, Kazimir Malevich, Maruja Mallo, Piet Mondrian, Kurt Schwitters.

Azaroak 18: Komuna eta komunitate artistikoak: Monte Veritá eta Bauhaus
XX. mendearen lehen erdialdean, komunitate artistikoak esperimentaziorako, hausturarako eta bizimodu eta sorkuntza berrien bilaketa kolektiborako gune gisa sortu ziren Europan eta Amerikan. Ideal utopikoek eta konbentzio sozialei aurre egiteko nahiak inspiratuta, komunitate horietan artistak, intelektualak eta eraldaketa kulturalean interesa zuten pertsonak biltzen ziren.

Europan, Monte Veritá izan zen kasu enblematiko bat, Suitzan kokatua eta mugimendu alternatiboen aitzindaritzat hartua. Bertan, XX. mendearen hasieratik, artistak, idazleak eta pentsalariak bildu ziren askatasuna, bizitza naturala eta esperimentazioa bilatzeko asmoarekin, artearen eta ideien esparruetan. Monte Veritá artea, dantza, espiritualtasuna, begetarianismoa eta komunitate-bizitza konbinatzen zituzten praktika berrien laborategi bilakatu zen, eta, horrela, ondorengo hamarkadetako bilaketa kontrakultural asko aurreratu zituen.

Europan, aldi berean, beste ekimen batzuk loratu ziren; esate baterako, Bauhaus Alemanian. Diziplinarteko sormen-komunitate gisa funtzionatu zuen, eta artea, arkitektura eta diseinua ikuspegi kolektibo eta eraldatzaile batekin integratu ziren.

Artista batzuk: Josef eta Anni Albers, Marcel Breuer, Isadora Duncan, Walter Gropius, Alexej von Jawlensky, Paul Klee, Rudolf von Laban; László Moholy-Nagy, Oskar Schlemmer, Gunta Stölzl, Marianne von Werefkin, Mary Wigman.

Abenduak 2: Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia erakusketara bisita

II. Modulua. ASKATASUN BERRIEN BILA

Urtarrilak 20: Eraldaketa sozialak, zientifikoak eta kulturalak
Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin batera eraldaketarako eta birdefinizio globalerako aro berri bat hasi zen. Gerra Hotza eta Europaren eta Japoniaren berreraikitzea hasi ziren, eta mendebaldeko herrialde askotan aurrekaririk gabeko garapen ekonomikoa gertatu zen. Asian eta Afrikan deskolonizazio-mugimendu garrantzitsuak sortu ziren, mapa politiko globala eraldatuz.

Arlo zientifikoan, aurrerapen nabarmenak egin ziren; hala nola, lasterketa espaziala eta gizakia ilargira iristea 1969an, energia nuklearrean eta medikuntzan egindako aurrerapenak edo komunikazioak eta eguneroko bizitza irauli zituzten teknologia berrien garapena.

Existentzialismoa, estrukturalismoa, hermeneutika, postmodernismoa eta askapen-mugimenduak bezalako korronte filosofikoek ahotsa eman zieten ziurgabetasunari, berreraikuntzari eta askatasun- eta bizi-zentzuaren forma berrien bilaketari aurre egiten zien gizateria baten kezkei.

Otsailak 3: Organizismoa, St. Ivesen Eskola, Informalismoa, New Yorkeko Eskola versus Pop Artea
Bigarren Mundu gerraren ondoren, arte bisualek eraldaketa sakonak izan zituzten, eta aldaketa bat behar zuen gizartearen tentsioak eta nahiak agerian geratu ziren. Estetika tradizionalak hautsi zituzten mugimenduak sortu ziren, batez ere hizkuntza artistiko abstraktuak bultzatuz.

1950eko hamarkadan, Londresek gatazka belikotik berreskuratu nahian jarraitzen zuen bitartean, Cornuallesko kolonia artistikoak, St. Ives Eskola deiturikoak, eta organizismo eskultorikoak gidatu zuten abangoardia-artea Ingalaterran. Korronte horiek naturan eta obra artistikoa bere ingurunean harmoniaz integratzean inspiratutako formak aztertzen dituzte. Era berean, eta Frantziako eta Espainiako Informalismoarekin batera, Ipar Amerikako Espresionismo Abstraktuarekin loturak ezarri ziren, nazioartean pintura abstraktua sustatuz.

Bestalde, Pop Artea, herri-kulturaren eta estilo figuratiboaren gidaria, eszenan sartu zen.

Artista batzuk: Arman, Marisol Escobar, Richard Hamilton, Barbara Hepworth, Roy Lichtenstein, Henry Moore, Ben Nicholson, Andy Warhol.

Otsailak 17: Artearen desmaterializazioa eta “erakusketa-espazio” berrien agerpena
1960ko eta 1970eko hamarkadetan, mugimendu bakezale eta feministekin batera, lurraren, paisaiaren, naturaren eta abarren aldeko interesa berpiztu zen, irudikapen hutsetik oso bestelakoa izan arren, mende batzuetatik hona egiten zen bezala. Artean, Land Art, Povera Artea edo arte atmosferikoa loratu ziren:  errealitatea irudikatzeko edo bertan esku hartzeko modu berriak. Natura material gisa (lurra, zura, elementuak, etab.) eta/edo sortzeko tresna gisa erabiltzen zen. Horrela, praktika berri horiek sortzeko eta erakusteko espazio berriak agertuko dira; esate baterako, ingurune naturalak edo irekiak, museoen eta galerien hormak zeharkatzen dituztenak.

Perfomancearen artearen eta zenbait aldarrikapen feminista eta bakezaleren bidez, giza gorputzak ezohiko ikusgarritasuna hartuko du.

Artista batzuk: Giovanni Anselmo, Jannis Kounellis, Richard Long, Fujiko Nakaya, Robert Smithson, James Turrell, Yoko Ono

Martxoak 3: Bilduma Iraunkorra eta Lurraren Arteak I erakusketa ezagutzeko bisita

III. Modulua. MUGARIK GABE. AMA LURRA

Martxoak 17: Eraldaketa sozialak, zientifikoak eta kulturalak
1989an, Berlingo harresiaren erorketarekin, Gerra Hotzaren amaiera etorri zen, eta globalizazio azkarraren eta aldaketa politiko esanguratsuen aro baten hasiera izan zen. Sozialki, eskubide zibilen, genero-berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko mugimenduek ikusgarritasuna eta indarra irabazi zituzten planeta osoan.

Arlo zientifikoan, Internet eta teknologia digitalak hedatzeak komunikazioak, hezkuntza eta gizarte- eta lan-harremanak irauli dituzte. Giza genomaren sekuentzia, energia berriztagarrien aurrerapena eta ikerketa espaziala bezalako aurkikuntzek ezagutzaren horizonteak zabaldu dituzte.

Postmodernismoaren ondoren, filosofia pluralagoa eta anitzagoa izango da, eta, besteak beste, gai hauek jorratuko dira: demokrazia, justizia globala, etika teknologikoa, kontzientzia ekologikoa, ekofeminismoa eta ikuspegi dekolonialak.

Praktika artistiko berriak sortuko dira, eta gizarte-, ingurumen- eta talde-nortasunari buruzko hausnarketa-gunea bilatu eta aurkeztuko dute.

Apirilak 7: Ideia eta sortzeko modu berriak agertzea mendebaldeko arte modernoaz haratago
Magiciens de la Terre erakusketa 1989an inauguratu zen Parisen, eta Jean-Hubert Martinek egin zituen komisario lanak. Erakusketak eragin nabarmena izan zuen artearen munduan, arte garaikideko erakusketen ikuspegi eurozentriko eta kolonialista desafiatzeagatik. Erakusketan munduko hainbat lekutako artisten obrak bildu ziren, erakusketak mendebaldeko egileetara mugatzeko tradizioa hautsiz.

Aurrerago, artista bakoitzak benetan zer leku betetzen duen jabetzeak etengabeko eztabaida eta hausnarketa bat ireki zituen, arte garaikidearen deskolonizazioaren inguruan. Modu horretan, historiografia “ofiziala” zalantzan jarriko da, ia beti ikuspuntu bakar batetik kontatua, eta lehen ahotsik ez zuten beste praktika artistiko batzuk ikusaraziz.

Artista batzuk: Agnes Denes, Guillermo Gomez-Peña, Barbara Kruger, Cildo Meireles, Ana Mendieta, Huang Yong Ping, Susana Solano, Cecilia Vicuña

Apirilak 21: Ruth Asawa eta Lurraren Arteak II erakusketak ezagutzeko bisita

Maiatzak 5: Arte garaikidea eta ingurumen-iraunkortasuna. Artea aldaketa-eragile gisa?
Azken hamarkadetan, klima-aldaketaren inguruan eta gizakiak aldaketa horretan duen erantzukizunaren inguruan kontzientziazio handiagoa izatera iritsi gara, eta, era horretan, artisten belaunaldi horren prozesuen eta sortzeko asmoaren helburua da mehatxu horren gainean sentsibilizatzea artearen bitartez. Nekazaritza, agronomia, botanika, geologia, kimika, fisika edo biologia bezalako praktikak praktika artistikoekin gurutzatuko dira ezinbestean.

Halaber, horrekin agerian geratuko da mundu naturalarekin eta inguratzen gaituen ingurunearekin orain arte erlazionatzeko izan dugun modua eta egun duguna; alegia, “ikusle” izatetik kontzientzia eta inplikazio handiagoa izatera nola igaro garen, eta hori praktika artistiko garaikideetan islatuko da.

Artista batzuk: El Anatsui, Olafur Eliasson, Fernando Garcia-Dory, Julie Mehretu, Asuncion Molinos Gordo.

 

Irudia:
Maria Helena Vieira da Silva (1908–1992)
Balleteko figura (Figure de ballet), 1948
Olio-pintura eta grafitoa mihise gainean, 27 × 46 cm
Eskaintza: Galerie Jeanne Bucher Jaeger, Paris–Lisboa
CR587

Prezioa

Modulu bakoitzeko prezioa: 120 € Lagunek / 150 € Jarraitzaileek eta publikoak oro har

Lekua

Lekua: Liburutegia eta erakusketa-aretoak