Vieira da Silva
Laster ikusgai

Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia

2025.10.16 - 2026.02.22

Maria Helena Vieira da Silva 1908ko ekainaren 13an jaio zen, familia dirudun batean. Bi urte zituela hil zitzaion aita, eta amak hazi zuen senideen laguntzaz. Arteak eta antzerkiak presentzia nabarmena zuten giro batean hazi zen Vieira da Silva, eta bereziki gogoko izan zuen musika; hain zuzen ere, arrasto luzea utzi zion diziplina horrek. Pintura eta marrazketa ikasi zituen Lisboako Arte Ederren Akademian, eta 1928an Parisera joan zen bizitzera, Académie de la Grande Chaumière ikastegian prestakuntza sakontzera; han ezagutu zuen senarra izango zuena, Arpad Szenes hungariar pintorea. Parisen bizi izan ziren, harik eta Bigarren Mundu Gerra hasi zelarik Rio de Janeiron babes hartu zuten arte; handik zazpi urtera, Parisera itzuli ziren. 1950eko hamarkadaren amaieran, Vieira da Silvak ospea eta aintza lortu zituen bere abstrakzio konplexuei esker. Artistak margotzen jarraitu zuen laurogeiko hamarkada ongi aurrera arte, eta sari eta aitortza ugari jaso zituen bere ibilbide luzean zehar: besteak beste, Frantziako gobernuak Commandeure de l’ordre des Arts et des Lettres izendatu zuen 1960an. Parisen hil zen, 1992ko martxoaren 6an.

Erakusketa honek Vieira da Silvak 1930eko eta 1980ko hamarkaden artean egindako ekoizpena biltzen du, arreta berezia jarriz artistak paisaia arkitektonikoarekiko izan zuen interesari eta memoriak haren obran izandako garrantziari. Bere ibilbide osoan zehar, behin eta berriz erabili zituen forma abstraktuak eta ilusio optikoak, etengabe eraldatuz erabili ere, eta horrexen lekuko diren funtsezko piezaz osatutako obra-sorta bat du ardatz erakusketak. Era berean, Vieira da Silvaren lanean abstrakzioaren eta figurazioaren artean dagoen lotura azpimarratzen du. Hartu-eman horren erakusle dira, hain zuzen, margolariak bere lanetan sortzen zituen espazio arkitektonikoak, non lausotuta ageri baitira hiri-paisaia errealen eta asmatuen arteko mugak. Artistaren obrak hainbat estilo eta eragin uztartzen ditu, hala nola azuleju hispaniar-arabiarren geometria dekoratiboa, Pierre Bonnarden pinturetan agertzen diren mahai-zapi koadrodunak edo kubismoaren eta futurismoaren abstrakzioa. Eta lengoaia berezi bat darabil, abiapuntu dituena xake-taulak, elkar gurutzatzen diren lerro-sareak, perspektiba iheskorrak eta lausotzen diren espazioak. Denek ere zera iradokitzen dute, artistak berak adierazi bezala: “margolan bat ez da sekula amaitzen”.


Vieira da Silvaren obrak lotura estua izan du beti bai Peggy Guggenheimen, bai Solomon R. Guggenheimen legatuarekin. Izan ere, Vieira da Silva izan zen Peggy Guggenheimek 1943an bere Art of This Century museo/galerian antolatutako 31 Women erakusketarako hautatu zituen 31 artistetako bat; eta Hilla Rebay izan zuen lehen babesleetako bat, hark erosi baitzuen, 1937an, Konposizioa (1936) obra Solomon R. Guggenheimen Sortze Bildumarako.

Vieira da Silvak gutxitan hitz egin zuen bere lanari buruz, zera uste baitzuen: “margolariok ergelak ematen dugu hitz egiten dugunean. Asko dakigu, baina gure pinturen bidez hitz egiten dugu”. Nolanahi ere, bere metodoa azaltzera behartuta ikusi zen behin, eta laburpen zorrotza egin zuen orduko hartan: “Oro har, ez ditut gogoko beren zailtasuna nabarmenki agerian jartzen duten obrak. Nahiago ditut beste obra landu horiek, munduko gauzen izaera korapilatsua urrutitik antzematea, hautematea ahalbidetzen duten horiek”.

Aretoa: 105
Komisarioa: Flavia Frigeri
Egoitzak: Peggy Guggenheim Collection, Venezia; Guggenheim Bilbao Museoa


Maria Helena Vieira da Silva (1908 – 1992)
Balleteko figura (Figure de ballet), 1948
Olio-pintura eta grafitoa mihise gainean, 27 × 46 cm
Eskaintza: Galerie Jeanne Bucher Jaeger, Paris - Lisboa
Inb. zk.: CR587