Paris/São Paulo: modernitaterako pasaporteak
Tarsila do Amaral São Paulo eskualdeko lur-jabe handien familia letradun batean jaio zen eta, Brasilgo margolari akademikoen ohiturari jarraikiz, 1920an bere lehen ikasketa-bidaia egin zuen Parisera. Kanpoan zela, 1922ko otsailean, Arte Modernoaren Asteak bultzada ikaragarria eman zion São Pauloko arte-giroari: idazle, musikari eta pintore gazteek abangoardia bat planteatu zuten, inportatutako ereduak alde batera uzten zituena kosmopolitismoari uko egin gabe.
1922ko ekainean Brasilera itzuli zenean, Tarsilak berrikuntza-mugimendu moderno hartan parte hartu zuen Anita Malfatti margolariarekin eta Paulo Menotti del Picchia, Mário de Andrade eta Oswald de Andrade idazleekin batera. Bostak Taldea sortu zuen haiekin.
1923an Parisera bueltatu zen guztiz pentsamolde berriarekin: asmo nazional eta modernoa zuen proiektu hark bultzatuta, Europako abangoardiekiko zuzeneko konfrontazioa bilatu zuen handik aurrera. André Lhote, Fernand Léger eta Albert Gleizesen estudioetara maiz joaten hasi zen, eta “asmakuntza-eskola” gisa ulertu zuen kubismoa. Horrek aukera eman zion irudikapen-kode konbentzionaletatik askatzeko eta estilo benetan libre eta pertsonala garatzeko.