Korronteari jarraituz: 1960ko hamarkada

Helen Frankenthalerrek 1960 eta 1969 artean senarrarekin —Robert Motherwell margolaria— Provincetowneko Cod lurmuturreko hondartzetan (Massachusetts) igarotako udek bide berri baten hasiera ekarri zuten haren pinturan. Tutti-Frutti (1966) lanean lasaikeriaz mugitzen dira hodei arinak, eta Giza muga (1967) lanean, berriz, lerro zuzenek blokeka egiten dute beherantz. Giza faktoreak izan lezake halako kutsu eszentriko bat. Frankenthalerrek inperfekzioa aldarrikatzen zuen eta umorea sustatzen zuen bere obretan. Udak garai aproposa izaten ziren margotzeko, baina baita lagun minekin elkartzeko ere, hala nola bikotearen ohiko gonbidatu izaten zen David Smith eskultorearekin.

Frankenthaler eta Smith uste berekoak ziren sorkuntza artistikoari dagokionez: Araurik ez! Margolari zein eskultore izan (edo biak), beti berdina zen mantra: araurik gabe aritzeak esan nahi zuen menik ez egitea ez sortzeko moduan, ez erabilitako materialetan, ezta azken emaitzan. Obrak ilunak izan zitezkeen, baina baita alaiak ere. Smithen Titulurik gabea (Zig VI) (1964) eskultura —bata bestearen gainean pilatutako metalezko habeak, elkarri soldatuak eta gurpiltxo batzuen gainean muntatuak— haur-jostailu erraldoi baten modura kulunkatzen da.