Brasil kanibala

1928an, Abaporu (“gizon gizakijalea”, tupi-guarani hizkuntza indigenan) margolaneko figurak mugimendu antropofagikoari eman zion bide. Beste inoren dohainak norbereganatu ahal izateko pertsona bera jatean datzan praktika indigena oinarri hartuta, antropofagiak zera iradokitzen du era metaforikoan: brasildarrek atzerriko kulturez eta kultura kolonizatzaileez jabetzeko eta haiek modu konstruktiboan berregiteko duten modua.

Handik aurrera, Tarsilak uko egin zion gai herrikoiak eta jatorri kubistako geometriak irudikatzeari, eta haren obrak kutsu sinkretikoa hartu zuen —sinbolikoa, narratiboa baino neurri handiagoan—. Sinkretismo horretan, Europako eta Brasilgo errepertorio aberatsa “digeritu” eta eraldatu zuen behin betiko.

 
Pintura horiek —“basatiak eta zintzoak”, artistaren arabera— baztertu egiten dute adiera bakarreko irakurketa eta kodeketa konbentzional oro. Elementu naturalek eta arkitektonikoek bat egiten dute ikuslea dimentsio magiko edo onirikoetara eramaten duten paisaia iradokitzaile eta oroitarazleetan, eta marrazkiak “oin erraldoiak dituzten figuraz, landare haragitsu itzelez eta naturalistek sailkatu ezinezko izaki bitxiz” josita daude.