Bere kutsu pertsonala: 1950eko hamarkada

1950eko hamarkadaren hasieran, Helen Frankenthalerrek bizimodu bohemioa zeraman Behe Manhattanen. Garai hartan ikusi zituen Jackson Pollocken koadroak lehenengoz, Betty Parsons Galleryn ikusi ere, eta haren keinu-abstrakzioek arrasto sakona utzi zuten artista gaztearengan. Pintura tradizionalean ohikoa den margotzeko astoa alde batera utzirik, lurrean zabaldutako mihise izugarri handien inguruan mugituz lan egiten zuen Pollockek, estudio modura erabiltzen zuen aletegian. Haren obrei, itxuraz abstraktuak izan arren, irudi iradokitzaileak igartzen zaizkie. Frankenthalerri jakin-min handia pizten zion nolabaiteko ikonografia subliminala iradokitze hark, eta Pollocken metodo erradikalek —hau da, keinu fisiko inprobisatuaren koreografiak eta pintura abstraktuaren bidez nolabaiteko mezua helarazi ahal izateko aukerak— eragin handia izan zuten harengan.

Frankenthalerren izaera artistikoari ongi egokitzen zitzaion bat-bateko marrazkitik abiaturiko abstrakzioa, bidea ematen baitzion erabat agerian gelditu gabe bere irudimena proiektatzeko —zeinu piktoriko, sinbolo eta eszena gisa—. Harentzat, funtsezkoa zen anbiguotasuna. Bere irudiek misterioa mantentzea nahi zuen, olerkiek bezala; ikusle bakoitzarentzat esanahi bat izatea. Pollocki esker, marrazketaren antzera amaiera itxirik ez duen prozesu modura ulertu zuen pintura. Marrazkigilearen berezko pentsamolde askea izan zen Mendiak eta itsasoa (1952) obra apurtzailearen katalizatzailea, baita erakusketan ageri diren beste askorena ere, tartean atal honetako lanik zaharrenena, denak ere artistaren talentu harrigarri eta goiztiarraren isla.