Askatasun aurkitu berria: 1970eko hamarkada
1970eko hamarkadako lehen urteetan, Motherwellez dibortziatu ostean, bere burua berrasmatu zuen Helen Frankenthalerrek. Bidaiatzen ematen zituen udak (Italia, Frantzia, Austria, Belgika eta Ingalaterran barrena ibili zen). Estudiodun etxe bat alokatu zuen itsasertzean, Stamforden (Connecticut), eta New York hiritik kanpo denbora gehiago igarotzen hasi zen; aurrerago, etxea erosi zuen han inguruan, Shippan Pointen, eta estudio berri bat eraiki zuen bertan.
Egongelatik Long Islandeko itsasartearen ikusmira bikaina zuen Frankenthalerrek. Itsas ikuspegiak eta lehorreko paisaiak oinarri hartuta, beste mota bateko margolan abstraktuak lantzen hasi zen, tonalak eta atmosferikoak, hala nola Ocean Drive West #1 (1974). 1970eko hamarkadaren erdialdean “zerrendaka” margotu zuen obrasail batek hiri-paisaiaren goranzko lerroak iradokitzen ditu. Plexoa lanean albo banatara ikusten diren zerrenda bertikal zuriek Giza muga (1967) obrako blokeen energia erratiko bera iradokitzen dute.
Goizak (1971) gorputzeko barrunbeak edo formazio geologikoak gogorarazten dituen irudi-multzo baten parte da. 1970eko hamarkadaren hasierako koadro abstraktuetako batzuetan, leize moduko hutsuneek erditze-kanala gogorarazten dute: kolorezko orban eta isuriak ageri dira pasabide estuetan, gorputz organiko txikiak balira bezala. Frankenthalerrek 1969 eta 1973 bitartean sortutako abstrakzioek anbiguotasunari eusten badiote ere, badirudi bizitzako gorabeherek badutela eraginik haien esanahian.